Euskadi, gaitasun digitalen arloko Europako erreferentea

14 September, 2017
Eskualde eta Hirien Europar Astea Bruselan ospatuko da urriaren 9tik 12ra

Eusko Jaurlaritzaren Ikanos proiektua Europako Batzordeak antolatutako Eskualde eta Hirien Europar Asteko protagonistetako bat izango da

Europako Batzordeak antolatutako Eskualde eta Hirien Europar Astearen barruan, Eusko Jaurlaritzak Ikanos proiektua aurkeztuko du urriaren 10ean Bruselan. Euskal gizartearen gaitasun digitalak garatu eta indartzea da Europan aitzindaria den ekimen honen helburua.

 

Zehazkiago esanda, Ikanos proiektua, gaitasun digitalak garatu eta gazteen enplegua bultzatzea xede duten Europako hainbat ekimen aztertzeko eratu den “Boosting digital skills for youth employment: a challenge for regions and cities” deritzon workshopeko protagonistetako bat izango da.

 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak bultzatutako euskal ekimen hau herritarren, enpresen, administrazioaren, hezkuntza arloaren eta gizarteko beste sektore batzuen oinarrizko zein berariazko gaitasun digitalak garatzeko asmoz sortu zen. Proiektu honen bitartez, gaitasun digitalak zer diren partekatu eta jakinarazi nahi da, zerbitzu digital aurreratuak erabili eta IKTetako berrikuntzaren laguntzaz lehiakortasuna aregotuz doan parte-hartze handiko gizarte trebatua garatzen laguntzeko asmoz.

 

“Profil digital profesionala” diseinatu eta zehaztea izan da proiektuaren lorpenetako bat. Kontzeptu honen bidez, lanbide bakoitzaren beharrizan digitalak identifikatu eta horretan jarduteko behar den gaitasun-maila zehatza finkatu ahal izan da.

 

Workshopa “Gaitasun eta enplegu digitalen aldeko koalizioa” deritzon ekimenaren barruan antolatu da. Europako lan-merkatuan eta gizartean zabaldu den gaitasun digitalen eskari handiari erantzutea da Europako Batzordeak, Estatu kideek, enpresek, gizarte-solaskideek, GKEek eta hezkuntza arloko profesionalek ekimen honen bitartez lortu nahi duten helburua.

Teknologia digitalak ikasteko Europa osoko zentro eta telezentroen sare kopururik handiena ordezkatzen duen Telecentre Europe erakundeak Europarentzako jardunbide egokitzat aitortu zuen iaz Ikanos proiektua.

 

 

Ikanos Proiektua

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow