EuroPython: Bilbo programazio informatikoaren munduko Meka bihurtuko da

14 uztaila, 2016

Aurreko igandean Bilboko Euskalduna Jauregian hasi den EuroPython 2016 ekitaldirako, Python lengoaiaren inguruko Europako hitzordu garrantzitsuenerako. Python programazio informatikoko lengoaia berritzaile bat da, aplikazioak dauzkana enpresa esparru guztietan. 1.500 lagun bilduko dira bertan, eta 4 milioi eurotik gorako inpaktu ekonomikoa izango du hirian; 2016an egingo den negozio hitzordu garrantzitsuenetako bat da, beraz.

 

Zortzi egunez, Bizkaiko hiriburua programatzaile informatikoen munduko Meka bihurtuko da bigarren urtez jarraian. EuroPython ekitaldiaren XV. edizioak arrakasta segurua du parte-hartzaileen aldetik (%80 atzerritarrak izango dira), gainera, hitzaldi kopuruaren marka hautsiko du 200 bat hitzaldirekin eta aurkezpen eta tailer praktiko ugari egingo dira.

EuroPython da Python programatzaileentzako urteko hitzordu garrantzitsuena. Python kode irekiko programazio lengoaia bat da, hau da, edonork proposatu ditzake nobedadeak edo ideiak, ebaluatu egiten dira, eta onartuz gero, programan txertatzen dira, ekarpenen bidez programa hobetzeko.

Kodea oso sinplea eta malgua da, plataforma eta sistema eragile desberdinetan erabil daitekeena (Windows, iOS, Linux), eta, beraz, oso egokia aplikazio mugikorrak, weberako aplikazioak edo software libreko beste edozein garapen informatiko egiteko.

Programazio lengoaia hori Guido van Rossum-ek sortu zuen 90eko hamarkadaren erdi aldera, eta “Monty Python” komediagile ingelesen taldetik hartu zuen izena. Gaur egun esparru oso desberdinetan aplikatzen da, hala nola, Big Datan, 4.0 Industriarekin lotutako aplikazioetan, hezkuntzan (haurrei programatzen irakasteko balio du), merkataritza elektronikoan, aeronautikan eta defentsan, edota aisialdian eta animazio digitalean.

Ekitaldia ulertzeko jakin behar da Python lengoaiak programatzaileen komunitate erraldoia daukala mundu osoan. Horregatik, Google, Yahoo, Facebook, Disney edo NASA bezalako antolakunde handiek ere erabiltzen dute, eta Bilboko hitzordura joango dira gainera, ez bakarrik babesle bezala, baita ere han bilduko diren talentu handiko profesionalak erreklutatzeko; izan ere, hainbat tailer egingo dira antolakunde horietako lanpostuetarako langileak hautatzeko.

 

Hitzaldi garrantzitsuenak

Ekitaldia igandean hasiko da, Python lengoaiarekin programatzen ikasteko bi ikastarorekin. Django Girls da lehena, 16 eta 18 urte bitarteko neskei zuzendua, programatzen has daitezen web orri bat garatuz. Bigarrenak Beginner’s Day du izena, eta Python munduan sartzeko aukera ematen die hasiberriei.

Sei hitzaldi nagusi izango dira kongresuan. Astelehenean, Nicholas Tollervey etorriko da. Tollerveyk Erresuma Batuko eskoletan erabiltzen duten BBC micro:bit xaflarekin lan egiten du. 7 edo 8 urte bitarteko ikasle bakoitzak horrelako bat dauka, Python lengoaiaren bertsio murriztu bat erabiliz programatzen ikasteko. Baita ere astelehenean hizlari arituko da Rachel Willmer, zeinak 20 urte baitaramatza lan finkorik gabe. Wilmerrek azalduko du nola bizi daitekeen enpresa edo kontratu egonkorrik gabe, Python lengoaiarekin proiektuak eginaz.

Asteartean, Disney enpresako Paul Hildebrandten txanda izango da, zeinak azalduko baitu nola erabiltzen duten Python animazioak sortzeko. Asteazkenean, berriz, LIGO proiektuko Jameson Rollins, uhin grabitazionalak detektatzen lagundu zuten informatikarien taldeko kidea, arituko da hizlari lanetan.

Bilboko kongresuan egongo da baita ere Naomi Ceder, mundu osoko komunitatea kudeatzen duen Python Software Foundation erakundeko ordezkaria, eta programatzaile komunitate horren etorkizunaz mintzatuko da. Azken hizlaria Gaël Varoquaux izango da, zeinak azalduko baitu nola iritsi den Python lengoaia zientifiko izatera.

Hitzaldi horiek eta programatuta dauden 200 hitzaldietako gehienak ingelesez izango dira, baina bi egunetan eskainiko direnak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira. Hitzaldi guztiak interaktiboak dira (galderak egingo dira hitzaldi bakoitzaren amaieran), bertaratuen arteko eztabaida sustatzeko.

Euskal antolatzaileek “istanteko solasaldiak” ere programatu dituzte; jardunaldi bakoitzaren amaieran egingo dira Euskalduna Jauregiko areto handienean (650 lagunentzako gaitasuna du). Hala, egunean gehienez 12 solasaldi egingo dira (bakoitza bost minutukoa) programazio lengoaia honen alderdi desberdinei edo kasu arrakastatsuei buruz, betiere, umore puntu batekin.

Argibide gehiagorako: https://ep2016.europython.eu/en

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow