Europako laguntza berriak berrikuntzarako: 3.000 milioi 2020ra arte

11 urtarrila, 2018
Ihardunaldiaren momentu bat.

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean bertatik bertara erakutsi da zertan aldatu diren EBko diru-laguntzak programa guztiak batzen dituen Berrikuntzaren Europako Kontseilu berria sortu denetik.

Iosu Madariagak, Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Estrategia zuzendariak, azpimarratu du laguntza emango zaiela “berrikuntza errotik desberdinak dakartzaten pertsona, startup eta enpresei”.

Nobedadeetako bat da enpresek elkarrizketa bat egin beharko dutela Bruselan bost ebaluatzailerekin, proiektua onartua izan dadin.

 

Datozen hiru urteetan, euskal enpresek berrikuntzarako 3.000 milioi euro inguruko laguntzak jaso ditzakete Europatik. SPRI Taldeak (Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak), Innobasque-k eta BEAZek antolatutako jardunaldi batean jendaurrean aurkeztu da Europako Berrikuntzaren Kontseilua (EIC), Europar Batasunak esparru horretako laguntza guztiak biltzeko sortu duen tresna berria. Aurreikuspenen arabera, hemendik eta 2020ra 1.000 proiektu inguru babestuko dira.

 

Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Estrategia zuzendari Iosu Madariagak ireki du jardunaldia eta esan du EICren helburua dela “Europako ETEei laguntzea tamaina handiagoa lor dezaten eta nazioartekotu daitezen”. “Laguntza emango zaie orain arteko produktu, zerbitzu edo negozio ereduetatik errotik desberdinak diren berrikuntzak dakartzaten berritzaile, startup eta enpresei”.

 

Madariagak aipatu du 2014tik 2016ra  bitartean Euskadik 332 milioi euroko finantzaketa lortu duela Horizontea 2020 programaren bidez. Horizontea 2020 da ikerketa eta berrikuntza bultzatzeko Europako programa publiko handiena eta 80.000 milioi euroko aurrekontua du 2014-2020 epealdirako. Euskadiko 221 enpresak dagoeneko parte hartu dute programa horretan. Madariagak esan bezala, Euskadik lortutako finantzaketaren %84 hiru esparrutan kontzentratu da, alegia, fabrikazio aurreratuan, energian eta osasunean. Izan ere, hiru sektore horiexetan zentratzen da Espezializazio Adimenduneko RIS3 estrategia, espezializazio adimenduna baita Europar Batasunak bultzatu duen eredua, eskualdeek beren indar-gune diren sektoreak garatu ditzaten.

 

CDTIko (Gobernu zentralaren menpeko organismo publikoa) kide den Luis Guerrak adierazi du agintariek Europako Berrikuntza Kontseilu berria sortu dutela Europako berrikuntza guztia kontzentratzeko. “Lehendik existitzen diren laguntza-tresna guztiak biltzen ditu, ikusgarriago eginez  eta eskurago jarriz; gainera, balio erantsiko zerbitzu gehiago eskaintzen ditu eta tresna berrien bideragarritasuna aztertzen du”.

 

EICk 3.000 milioi euroko aurrekontua du 2020ra arte. Kopuru horretatik, 1.600 milioi laguntza-programa nagusirako dira, hots, ETE Tresna programarako, zeinak ETEen proiektu izarrak finantzatzen baititu, baldin eta negozio-aukera bat eskaintzen badute epe ertainera hazteko. Beste 700 milioi bideratzen ditu FET Open programara (bost edo hamar urteko epean merkatu berriak sor ditzaketen teknologiak) eta 300 milioi Fast Track to Innovation ekimenera (industria sektoreko gehiengo partaidetza duten 3-5 bazkidedun enpresa-partzuergoentzat).

 

Luis Guerrak hizpide izan ditu EICren sorrerak berekin dakartzan nobedadeak. Hala, Fast Track to Innovation programaren bidez, laburtu egingo da enpresek merkatura iristeko behar duten denbora, hiru urtera mugatuz. ETE Tresna da plan izarra, berak emango baitu diru-laguntzen %70, 2,5 milioi euroraino. Kasu honetan, nobedadea da hartzaileek ez dituztela eremuka banatu beharko diru-laguntzak.  “Enpresak berak definituko ditu proiektuaren keyword edo gakoak. Ez ditu izango 13 aurrekontu-ildo, baizik eta bakar bat eta aurrekontua bera ere handiagoa izango da”. Hala, 2014an 250 milioi euro banatu baziren, 2020an 600 milioi euro banatuko dira. Beste aldaketa bat ere jakinarazi du Guerrak, enpresek elkarrizketa bat egin beharko baitute Bruselan bost ebaluatzailerekin, proiektua onartua izan dadin.  CDTIk elkarrizketa-simulazio bat eskainiko du, tramite hori errazteko enpresei.

 

Innobasque-ko Garbiñe Larraurik hizpide hartu du zeintzuk diren Europako Batzordeak negozioak azeleratzeko eskaintzen dituen zerbitzuak ETE Tresnaren baitan, eta adierazi du enpresek aukera izango dutela nazioarteko 15 azoka handitan parte hartzeko EBren eskutik.

 

Jardunaldian mahai-inguru bat egin da diru-laguntza horiek jaso dituzten enpresetako arduradunekin eta proiektu ebaluatzaileekin. Gogoa konpainiako (pertsonen mugikortasuna errazteko exoeskeletoak eraikitzen ditu) Juantxu Martinek esan du bere ustez “ideia disruptibo bat behar dela horrelako laguntzak eskuratzeko, baita ere negozio-eredu oso argi bat eta ongi egituratutako lan-plan bat”. Aipatu du ebaluazioa ez dela egiten “ikuspuntu teknologikotik, baizik eta negozioaren ikuspegitik, hau da, pentsatu behar duzu inbertitzaile bati aurkeztuko zeniokeen proposamen bat prestatu behar duzula”.

 

Genma Climentek, neurologia arloan diharduen Nesplora enpresako ikerketa zuzendariak, positibotzat jotzen du hautagaitzak zerrenda bakarrean sartzeko irizpide berria. Beren esperientzia kontuan hartuta, esan du eurentzat “arazo etikoak izan direla oztopo nagusia”.

 

Satlantis enpresako (bereizmen oso handiko kamerak egiten dituzte espaziorako) zuzendari nagusi Juan Tomás Hernanik esan du bere enpresa aukeratua izan zela 27ren artean. “Proposamen disruptibo bat aurkeztu behar da, baina ez baduzu bezerorik eta lantalderik, ez duzu proiekturik”. Orobat aipatu du zaila dela laguntza hauek eskuratzea. “Ekosistema horretan %3k bakarrik lortzen du arrakasta, eta ebaluatzaileen arauetara egokitu behar duzu zure proposamena”.

 

Idoia Minguez ETE Tresna eta Fast Track to Innovation programetako ebaluatzailea da.  200dik gora proposamen ebaluatu ditu 2015etik, eta enpresei gomendatu die “pertsona askorekin” kontrasta dezatela beren proposamena.

 

ETE Tresna programako aholkulari Juan Carlos Ausinek esan du proiektuaren inpaktua dela balorazio onena. “Ideia da erakargarriena”. Bere esanetan, komeni da proposamenak bezeroekin eztabaidatzea “eta estrategia lantzea, hau da, ondo aztertzea nola bihurtuko den ideia hori berrikuntza”.

 

SPRI Taldeko kide eta Entreprise Europe Network partzuergoko koordinatzaile Arturo Antonek itxi du jardunaldia. Entreprise Europe Network ETEei nazioartekotzen laguntzeko munduko sare handiena da eta 600dik gora antolakunde biltzen ditu 67 herrialdetan. Euskadin SPRIk, Innobasque-k, BEAZek eta hiru merkataritza ganberek osatzen dute. Sarearen zerbitzuak dira nazioarteko bazkideak bilatzea, berritzeko laguntza eskaintzea eta aholkularitza ematea nazioartean hazteko. “Enpresoi zuen proposamenekin laguntzeko gaude” adierazi du.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow