UPV/EHUko informatikako ikasleek bat egin dute Kodearen Ordua ekimenarekin

13 April, 2016

Ikasleek programazioari buruzko oinarrizko gai batzuk erakutsi dizkiete 8 eskolatako neska-mutilei.

Kodearen Ordua nazioarteko ekimen bat da, helburutzat duena adin guztietako pertsonak (batez ere gazteak) animatzea programazioan barneratzera, eta horretarako, kodearen hastapenei buruzko saio laburrak antolatzen dira. UPV/EHUko Informatikako Fakultateko ikasle talde batek bat egingo du ekimenarekin, eta kodeari buruzko ordubeteko saioak eskainiko dizkiete zortzi ikastetxetako euskal ikasleei apirilaren 15era arte.

“Kodearen ordua ekimenak helburutzat du ordubetez programatzen jardutea modu dibertigarri batean, eta programazioaren oinarrizko kontzeptuak ikastea. Kodearen ordua munduko edozein txokotako edozein pertsonak antolatu dezake, baina Ingeniaritza Informatikoko graduko ikasleak oso pertsona egokiak dira helburu horretarako”, azaldu du Olatz Arbelaitz, Informatikako Fakultateko Kanpo Harremanetako dekano ordeak.

UPV/EHUko ikasleek Kodearen orduak antolatu dituzte 24 ikasle talderekin, parte-hartzaileei erakusteko posible dela programazioa tresna sinple, dibertigarri eta sortzaile bihurtzea. Topaketa horiekin konputazioarekiko interesa piztu nahi dute ikasleen artean, eta, era berean, bizitza profesional eta pertsonalerako oso baliagarriak izango zaizkien gaitasunak irakasten dizkiete. “Kodeari esker sortzaile bihurtu gaitezke ordenagailuarekin, kontsumitzaile soil izateaz harago. Programazioari esker, arau propioak dituzten mundu berriak sor ditzakegu hutsetik abiatuta” azaldu du Olatz Arbelaitzek.

Code.org irabazi asmorik gabeko nazioarteko antolakundeak bultzatzen du Kodearen Ordua ekimena, eta 180 herrialde baino gehiagotan antolatzen da. Edozein pertsona, talde edo antolakundek parte har dezake bere inguruan ekitaldi bat antolatuz, eta ez da beharrezkoa programazioari buruzko ezagutzak izatea, Code.org atarian auto-gidatutako tutorial mordoa baitaude ikasten hasteko. Duela hilabete batzuetatik hona, Code.org atariko eduki eta tutorialak euskaraz ere eskuratu daitezke, UPV/EHUko Informatikako Fakultatean egin duten itzulpen lanari esker.

 

Code.org

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow