Ibilgailu autonomoak, Gauzen Internet eta ikaskuntza automatikoa dira jakin-min handiena sortzen duten berrikuntzak

2 September, 2015

Gartner aholkularitzak Cycle Hype txostenaren 2015eko edizioa argitaratu du. Argitalpen horrek erakusten du zein egoeratan dauden berrikuntza teknologikoak, zehatz-mehatz azalduz beren hasierako goraldia, sendotze fasea eta merkatu normalizatuan izan duten sarrera. Txosten horrek aztergai ditu jendearen arreta pizten duten teknologiak, bai  interesa sortzen dutelako eta bai potentzial handia dutelako etorkizunean benetan disruptiboak izango diren produktu eta zerbitzu bihurtzeko.

Ibilgailu autonomoa da igurikapen zikloaren puntu altuenean dagoen berrikuntzetako bat. Aholkularitzak dioen bezala, oraindik oso fase goiztiarrean dagoen arren, lortu du publikoaren eta auto konpainia handi gehienen arreta erakartzea, zeintzuek sartu baitute beren epe laburreko ibilbide orrietan. Hala ere, ziurrenik 5-10 urte beharko dira teknologia horiek produktibitate fasean errotu daitezen.

Gauzen Internet eta adimen artifizialarekin lotutako ikaskuntza automatikoa ere igurikapen zikloaren puntu gorenean daude, eta Gartner erakundeko lantaldearen ustez heldutasunera iritsiko dira hemendik 5-10 urtera. Bestalde, txostenak dio sendotze fasean daudela errealitate birtuala, keinuen kontrola eta enpresa arloko 3D inprimaketa.

Hain zuzen ere, 3D inprimaketa da azken urteotan jakin-min handiena piztu duen teknologietako bat, oso azkar hedatu delarik esparru desberdinetako aplikazioetara. Aholkularitzak dioenez, nagusiki aplikazio medikoek bultzatuko dute 3D inprimaketaren aurrerapena, eta dagoeneko erabilpen zehatzak eman zaizkio esparru horretan, zehazki entzumenerako eta hortzetarako dispositiboen produkzioan.  Horrelako teknologiek badute indargune nagusi bat: gai dira objektu oso pertsonalizatuak sortzeko kostu handiegirik gabe. Horregatik, aurreikuspenen arabera 3D inprimaketa ohikoa izango da datozen urteetan, bai odontologian eta baita ere protesien produkzioan. Zentzu horretan, aldaka eta belaunetako inplanteak dira interes gehien sortu dutenak.

Medikuntzan aplikatutako 3D inprimaketak aukera gehiago ere eskaintzen ditu, esaterako, bio-inprimaketa, eta azterlanak dioenez, baliteke 10 urte barru (edo gehiago) teknologia hori erabiliz organoak ere produzitu ahal izatea. Badira hainbat ikerketa proteinak, zelulak eta ADNa inprimatzea lortu dutenak, baina oraindik oztopo asko daude teknologia hori erabiltzeko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow