Dronak, orainaldiko teknologia

19 June, 2015

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batek ezagutzera eman du zenbat aukera eskaintzen dituzten aparatu txiki horiek hainbat arlotan: azpiegituretan, nekazaritzan, arkeologian, ingurumenean edo itsas salbamenduan.

Une honetan  260 operatzaile daude inskribatuta Espainiako erregistro ofizialean, eta “urte amaierarako mila operatzaile inguru izatea espero dugu”, esan du José María Ramirez Ciriza, Espainiako Aireko Segurtasun Agentziako Koordinatzaileak.

“Erabilgarriak dira errepideen inbentarioak egiteko edo egiturak ikuskatzeko, esaterako presak, askoz ere datu zehatzagoak ematen baitituzte”, adierazi du Belén Monecillo, Berrikuntza Zientifikorako Elkarteko zuzendari nagusiak.

Drona orainaldiko teknologia dira jadanik, eta aukera kontaezinak ematen dituzte. Horixe izan da SPRI Taldeak (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako agentziak) ostiral honetan antolatu duen jardunaldian argi gelditu den ideietako bat.

Arabako Teknologi Parkean egin den jardunaldian teknologia horrek bizi duen egoera aztertu da: dronen erabilpena erregulatzen duen araudia, eta zerbitzuak erabiltzen dituzten enpresen edo erakundeen iritziak negozioaren ikuspegitik. Ekitaldiak interes handia piztu du, hainbestekoa non beste areto bat prestatu behar izan baita adituen hitzaldiak telebista zirkuitu itxi baten bidez jarraitzeko. 215 lagun bertaratu dira guztira.

José María Ramírez Ciriza, Espainiako Aireko Segurtasun Agentziako koordinatzaileak araudiaren alderdi zenbait azaldu ditu, esaterako dronak egunez baizik ezin hegaldatu daitezkeela dioen agindua, eta erabiltzen dituzten enpresei eskatzen zaizkien ezaugarriak: “operazioen eskuliburu bat izan behar dute, proba-hegaldiak egin behar dituzte, mantenimendu programa bat izan behar dute, eta orobat segurtasun baldintzak edo neurriak betetzen dituzten pilotuak (adibidez, beste inork ezin erabili izatea)”.

Ramírez Cirizak jakinarazi du, halaber, dronek aireportuetatik 8 kilometrora egon behar dutela, eta dronen gorakada frogatzen duten hainbat datu eman ditu, esaterako erregistro ofizialean 260 operatzaile daudela izena emanda. “Arauaren lehen urteurrenerako 300 operatzaile izango ditugu. Urte amaierarako, mila inguru izango dira”.

Bere esanetan, dronei buruzko araudi berriak hiru kategoriatan bereiziko ditu duten arrisku mailaren arabera. “Kategoria arriskutsuena tamaina handiko dronena da, eta hegazkin tripulatuentzako lege berberak erregulatzen ditu; beste muturrean badira kategoria irekia (pilotuaren begiramenean egiten diren hegaldiak) eta tarteko kategoria (gune populatuen gaineko hegaldiak)”.

Jardunaldian dronek izan ditzaketen aplikazio ugariak erakutsi dira, dela azpiegituretan, nekazaritzan, arkeologian eta ingurumenean edo itsas salbamenduan.

Belén Monecillo, Berrikuntza Zientifikorako Elkarteko zuzendari nagusiak, dronek izan ditzaketen erabilpen praktiko batzuk azaldu ditu. “Eraikuntza prozesuan dauden errepideetan orain arte iritsi ezinak izan diren tokietara iristeko balio dute. Baita ere errepideen inbentarioak egiteko eta egiturak ikuskatzeko, esaterako presak, askoz ere datu zehatzagoak lortzeko aukera ematen baitute. Pasada bakar batekin askoz datu gehiago lortzen ditut”.

Néstor Perales, Itsas Salbamenduko Aireko Ikuskaritza buruak esan du aukera izugarriak ematen dituztela itsasoan galdutako pertsonak bilatzeko eta kutsadura kasuetan behar diren neurriak hartzeko. “Konfiantza izan behar da teknologia berrietan, baina ez zaie fede handirik ematen. Itsasoko Salbamenduak eta antzeko antolakunde publikoek zabaldu egin behar dute ireki den bide hau, eta enpresa pribatuek erabiltzaileei entzun behar diete”.

Eduardo Aragolaza, Gasteizko su-hiltzaileen buruordeak onartu du oraindik ez dutela erabili dronik, baina esan du baliagarriak izan daitezkeela suteei edo uholdeei aurre egiteko. “Uholde batek sortzen duen orbainaren irudia izanez gero posible genuke prebentzio lan hobea egitea eta abisua ematea kaltetuei. Orain helikopteroak erabiltzen ditugu baina arazo asko ematen dituzte; dron batekin askoz ere errazagoa litzateke”.

Jardunaldiak piztutako interesa agerian geratu da galderen txanda iritsi denean, entzule ugarik azaldu baitituzte beren zalantzak, batez ere dronen araudiari eta segurtasunari buruz.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow