Hezkuntzaren eta lengoaia artistikoen bidegurutzean dauden aukerak

12 azaroa, 2015
Cartografiem-nos proiektuaren irudia.

LaPublika jarduera-programa bat da, zeinaren bidez aztertzen baita posible dela praktika artistikoaren bidez “publikoa den oro” eraikitzea, beti ere publikoa ulertuz ikuspegi fisikotik (plazak, kaleak, hiriko paisaiak) eta ondare komunaren kudeaketako parte-hartze espazioetatik. Egitarauaren barruan, azaroaren 17an esfera publikoari eta hezkuntzari buruzko mintegi bat egingo da Tabakaleran.

Jardunaldi horretan Cartografiem-nos proiektua aurkeztuko da. Ekimen hori martxan dago 2006tik Mallorcako Palmako Es Baluard Arte Moderno eta Garaikideko Museoan. Hezkuntza arloko programa horrek lehen hezkuntzako ikasleekin lan egiten du ikasturte osoan zehar, eta beren eguneroko ingurunea aztertzen du ikuspegi kritikotik. Haurrek beren auzoaren mapa bat egin behar dute beren ikuspegitik abiatuta, hau da, mapa horretan islatu behar dute garrantzitsua iruditzen zaiena, gustatzen ez zaiena edo hiri espazioaren ikuspegi heldu eta orokorretik harago ikusten dutena. Irene Amengual hezitzaile eta ikerlariak, Es Baluard-eko proiektu buruak, azalduko du nola egiten duten lan irakasleekin eta inguruko eragile sozialekin.

Topaketaren bigarren zatian Aida Sánchezek ¿Quién es el público en la esfera pública? hitzaldia eskainiko du. “Esfera publikoa”ren definizioarekin lotutako arazoak izango ditu hizpide, lerro bat markatzen baitu publikoa zer den eta nork parte har dezakeen adieraziz eta, beraz, barneratze eta baztertze prozesuak sortuz.

LaPublika esfera publikoari buruzko ikerketa artistikoko laborategi bat da, urrian abiarazi  eta abenduaren hasieran amaituko dena eta tailerrak, hitzaldiak eta mintegiak eskaintzen dituena Consonni-ren koordinaziopean. Hona hemen eskainiko diren hurrengo jarduerak: Emakumeak eta irudiak mugimendu(et)an. Nola erabil daitezkeen filmak eta argazkiak politika-kudeaketan tailerra, Petra Bauer artista eta zinema zuzendariak emango duena (azaroaren 24tik 26ra), eta Algoritmoak istorio-kontalari mintegia, An Mertens idazleak bultzatua (azaraoren 30etik abenduaren 2ra).

LaPublika Donostia-San Sebastián 2016 ekimenak ekoitzitako proiektu bat da, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatearen lankidetza eta Bilbao Ekintzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta EHUKulturaren babesa duena.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow