Berrikuntza soziala, genero desberdintasunaren aurkako tresna

16 December, 2015

Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna sozialki eraikitako arauetan oinarritzen da. Arau horiek baldintzatzen dute emakumearen posizioa, bai esparru profesionalean, bai eta bizitza publiko nahiz pribatuan. Halako desberdintasunak maila desberdinetan baina mundu osoan gertatzen dira: etenak soldata-mailetan, senitartekoen eta etxearen zaintzaz arduratu beharra edota presentzia gutxi erabakimen postuetan. The Young Foundation erakunde britainiarrak Gender Futures ekimena jarri du martxan, zeinaren helburua baita genero berdintasuna lortzea esparru horietan, berrikuntza sozialeko estrategia berriak bilatuz. Proiektu hori ikerketara eta kontzientziaziora bideratuta dago, eta, halaber, esparru horretan lanean ari diren ekimen berritzaileak babesten ditu.

Gender Futures lantaldeak ikerketaren lehen emaitza kaleratu du, Unequal Nation txostena, alegia. Dagoeneko deskargatzeko moduan dagoen argitalpen horretan hainbat eremu identifikatzen dira, zeintzuetan berrikuntza sozialak inpaktu handia izan baitezake. Bestalde, gomendioak ere jasotzen ditu, genero desberdintasuna murrizten lagundu dezaketen konponbide berriak bultzatzeko.

Azterlanaren ondorioetako batek dio berdintasunaren aldeko proiektu, erakunde eta organismoak eta berrikuntza sozialarekin lotutako eragileak ez daudela elkarri konektatuta. The Young Foundation-ek azpimarratu du bide paraleloetan lan egiten dutela, baina oraindik zubi gutxi daudela bi esparruen artean. Hala ere, dagoeneko elkartu diren eta perspektiba desberdinetako ahaleginak batu dituzten hainbat ekimen aztertu dituzte txostenean.

Oguntê izeneko erakundeak berrikuntza edo ekintzailetza sozialeko proiektuak dauzkaten emakumeei laguntzen die, elkarrekin konektatzeko espazio bat eta tramiteetarako laguntza eskainiz. A band of Brothers-ek, berriz, tradizionalki gizonenak izan diren rolak aldatzea proposatzen du, topagune bat eskainiz indarkeriazko jarrerak dauzkaten gazte arazotsuei eta tutore boluntarioei. Hona hemen azterlanak identifikatu dituen beste ekimen bi: Akkar Innovations enpresa soziala, prestakuntza eta lana ematen dizkiena emakumeei konpresen produkzio eta banaketa industrietan; eta Lammily, errealitatearekin bat datozen proportzio fisikoekin diseinatutako panpina, zeinaren helburua baita edertasun estereotipoak haustea.

Unequal Nation txostenak gomendio batzuk ematen dizkie berrikuntzarekin lotutako arduradun politiko eta eragileei. The Young Foundation-eko lantaldeak bereziki azpimarratu du generoaren gaia berrikuntza sozialarekin lotutako esparruetan sartu behar dela, espazio partekatuak sortu behar direla elkarrizketarako, eta kontuan hartu behar dela desberdintasunaren erronka laguntza eta finantzaketa programetan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow