Ekonomia zirkularrak 1’8 bilioi euro sortu ditzake Europan 2030ean

16 December, 2015

Ekonomia zirkularraren eredua gero eta hedatuago dago Europan eta mundu osoan, hazkunde ekonomikoko modu berriak bultzatzeko bide bezala. Bere printzipioak naturaren zikloetan oinarritzen dira, baliabide guztiak berriro aprobetxatzen direlarik, eta, beraz, hondakinaren kontzeptua ez da existitzen. Eredu hori aplikatuta ingurumenean dugun inpaktua murrizten dugu, baina, horrez gain, aukera ematen digu irabazi ekonomiko handiak lortzeko eta baliabide mugatuekiko menpekotasuna murrizteko.

Growth within: A circular economy vision for a competitive Europe azterlanaren arabera, ekonomia zirkularraren printzipioak aplikatuz, urtean 1,8 bilioi euroko irabaziak sor ditzakegu 2030ean. McKinsey & Company aholkularitzaren txostenak dio ekonomia zirkularra dela Europak une honetan daukan erronka ekonomiko eta politiko garrantzitsuena.

Nahiz eta aurrera goazen hondakinen kudeaketan eta teknologietan, Europako produkzio sistemak oraindik erabili eta botatzeko filosofian oinarritzen dira; eredu linealak dituzte, baliabide mugatuetatik ateratzen dute balioa, eta gero baliabide horiek hondakin bihurtzen dituzte. Balioari erreparatuz gero, McKinsey & Company aholkularitzaren azterlanak dio materialen eta energien %95 galtzen dela jatorrizko baliabidearekiko. Hala, oro har ondorioztatu daiteke Europak behin baino ez dituela erabiltzen materialak.

Ekonomia zirkularrak, berriz, hainbat mekanismo ezartzen ditu balioa sortzeko baliabide mugatuen kontsumotik urrunduz: ziklo biologiko eta tekniko eraginkorrak aplikatzen ditu materialak berreskuratzeko eta berriro zikloan sartu ahal izateko. Teknologia disruptiboek eta negozio eredu berriek aukera bat planteatzen dute, eta horren adibide ugari dauzkagu: carsharing-a, ibilgailu elektriko eta autonomoak edota energetikoki auto-askitzaileak diren eraikinak. Dena den, azterlanak dio aurrerapen horiek ez direla nahikoa ekonomia zirkularraren gehieneko potentzialera iristeko. Bultzada bateratua eman behar zaio eskualde, Estatu nahiz Europa mailan, industriak eta ekonomiak norabide hori har dezaten.

Euskadi ahalegin bat egiten ari da bertako industria ekonomia zirkularrerantz bideratzeko. Eusko Jaurlaritzaren Prebentzio eta Hondakinen Kudeaketako 2020 Planak dio ekonomia zirkularra eredu ekonomiko berriaren oinarria dela, eta 2015ean, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak 200.000 euroko laguntzak eman dizkie printzipio horietan oinarritutako 13 proiekturi.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow