Europak 5.900 milioi eskaintzen ditu etorkizuneko energia bilatzeko

27 February, 2015
imagen_spri_innovacion

 “Energia Segurua, Garbia eta Eraginkorra” programak trantsizio bidea egin nahi du energia sistema fidagarri, sostengarri eta lehiakorrago baterantz. SPRI Taldeak (enpresen garapenerako euskal agentziak) antolatutako jardunaldi batean euskal enpresek informazioa jaso dute Europako laguntza planari buruz.


Energia fidagarri eta sostengarriagoak bilatzea da Europar Batasunak bere buruari 2020ra arte jarriko dion erronketariko bat, eta proiektuei laguntzeko asmo handiko plan bat jarri du martxan helburu hori lortzeko. “Energia Segurua, Garbia eta Eraginkorra” izeneko erronka soziala da, 5.900 milioi euro banatuko dituena 2020ra arte eta bereziki diseinatuta dagena energia sistema fidagarri, sostengarri eta lehiakorrago bateranzko trantsizio bidea egiten laguntzeko. 2020 Horizontea  makro-programaren barruan sartzen da, ikerketa eta berrikuntza bultzatzeko estrategia europarraren barruan alegia.

SPRI Taldeak (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako agentzia) ostiral honetan Bilbon antolatutako jardunaldi batean informazioa eman da energia sektorearentzako laguntza planari buruz. Lehentasunak dira: energia eraginkortasuna, karbono isuri txikiak dituzten teknologiak, eta hiri eta komunitate adimendunak.

Txetxu Saenz de Ormijana, Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) Azterlan eta Nazioarte Saileko zuzendariak esan duenez, programaren helburua da “Energia sistema fidagarri, sostengarri eta lehiakorrago bateranzko trantsizio bidea  egitea”. Esan duenez, 78 milioi euroko 100 proiektu inguruk parte hartuko dute programan, eta horrek esan nahi du “aurrekoaren emaitzak bikoiztu” egingo direla.

CDTIko (Ekonomia Ministerioaren menpeko Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroa) Maria Luis Revillak “Energia Segurua, Garbia eta Eraginkorra” programaren sekretuak azaldu ditu eta nabarmendu du zuzkidura bikoiztu egin dela, aurreko programarena 2.700 milioikoa baitzen. Revillak jakinarazi du 105 milioi emango direla aurten energia eraginkortasunaren sektorerako eta deialdia uztailaren 4an itxiko dela. “Eraikin publikoetako IKTen erabilpena sustatu nahi da. Proiektuekin ahalegina egin behar da frogatzeko IKTak erabiliz gero nabarmen aurrezten dela karbono aztarna murrizteko orduan”, esan du, eta baita ere  Europako Batzordeak “proiektu zehatzak” nahi dituela, orokorrak barik”.

Karbono isuri txikiko teknologiei dagokienez, aurtengo deialdia maiatzaren 5ean amaituko da eta 80 milioi euro banatuko dira”.5-20 milioi arteko proiektu handiak dira, eta kasu honetan oso garrantzitsuak dira osasun eta ingurumen arloko alderdiak, merkatura iritsi behar duten teknologiak direlako”. Smart city edo hiri adimendunei dagokienez, zuzkidura 107 milioi eurokoa da. “Proiektu berritzaileak dira, 18-25 milioi euro bitartekoak eta hiri desberdinetan aplikatzeko modukoak. Batzordeak eskatu du hiru hiri handitan aplikatu daitezela, udalek nola teknologi zentroek osatutako partzuergoekin batera, baina betiere atzean asmo handiko hirigintza plan bat izanik”.

Arturo Antón, SPRIko kideak azaldu du zein den Enterprise Europe Network (EEN)-ren lana, esanez  Europan ETEei  laguntzeko dagoen oinarrizko tresna bat dela, zeren Europako enpresen lehiakortasuna sustatzen baitu enpresa horiei nazioartekotzen lagunduz, teknologi transferentziak ahalbidetuz eta finantzaketako programetarako sarbidea erraztuz. Hitz batean esanda: negozio berriak irekiz eta aberastasuna sustatuz. 2008tik hona, euskal enpresek teknologia transferitzeko 33 akordio sinatu dituzte EEN-en bitartez.

EEN-ek baditu bere baitan Europa osoko ia 600 erakunde, eta SPRI horietako baten barruan dago Basque ENN Partzuergoaren koordinatzailea delako,  Partzuergo horren barruan daudelarik orobat Bilbo, Gipuzkoa eta Arabako Merkataritza Ganberak, Innobasque eta Beaz.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow