Ekonomia kolaboratiboaren indar eraldatzailea

7 iraila, 2015
OuiShare Fest ekitaldian ekonomia kolaboratiboaren inpaktua aztertuko dute.

Duela urte batzuk sortu zen kontsumo kolaboratiboaren ideia, eskala txikian eta partikularren artean objektuak eta zerbitzuak trukatzeko, Internet erabiliz topagune bezala. Gaur egun, ordea, ekonomia kolaboratiboaren ereduak kolokan jarri du sektore ekonomiko tradizional askoren (turismoa eta garraioa, aisialdia, eguneroko ondasunen kontsumoa, eta abar) status quoa. Joera horrek ordezkatzen dituen kopuruak ikaragarriak dira: PWC aholkularitzaren arabera, gaur egun ekonomia kolaboratiboak 26.000 milioi dolar inguru sortzen ditu, eta 2025erako 335.000 milioi eurora iritsi daiteke maila globalean.

Munduko beste hainbat tokitara bezalaxe, Euskadira ere iritsi dira pertsonen arteko trukean oinarritutako enpresa eta proiektu berriak. Mugikortasunaren esparruan, esaterako, Gipuzkoako ekintzaile talde batek Areavan plataforma sortu zuen iaz, zeinetan karabana eta furgoneten jabeek ibilgailuak alokatu baititzakete erabiltzen ez dituztenean. 2014aren amaiera aldera Bizkaiko ekintzaile batek ComParko ekimena jarri zuen martxan; proiektu horren bidez partikularrek aparkaleku hutsak aloka ditzakete eguneko hainbat orduz. Kontsumo ondasunen arloan hainbat adibide daude: Micolet arropa atarian emakumeen modako pieza erdi-berriak saltzen dira eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin sortutako Truke.eu plataforman, berriz, objektuak trukatu, saldu eta oparitzen dira.

CNMC aholkularitzaren esanetan, trukearen ekonomia “partikularren arteko trukean oinarritutako eredu ekonomiko bat da, gutxi erabiltzen diren ondasun edo zerbitzuekin negoziatzeko”. Dena den, ekonomia horrek aldaketa ekarri du antolakundeetara, komunitateetan oinarritutako praktika berri horizontalagoak zabaldu baitira. ESADEko Berrikuntza Sozialeko Institutuaren arabera, baliabideak askatzea eta rolak nahastea da ekonomia kolaboratiboaren ezaugarri nagusia, produktore eta kontsumitzaile pasiboak desagertu egiten direlako: hiritarrek aukera dute kontsumitzeko baina baita ere partekatzeko, produzitzeko edo ondasun eta zerbitzuak finantzatzeko.

Azaroaren 19tik 21era, OuiShare topaketa egingo da Bartzelonan  “eraldaketa kolaboratiboa”  lelopean, halako ereduak enpresetan eta administrazio publikoetan nola aplikatu aztertzeko. OuiShare irabazi asmorik gabeko erakundeak antolatuko du ekitaldia, eta ekonomia kolaboratiboak hainbat esparrutan izan duen inpaktua aztertuko dute, esaterako: eredu produktiboetan, hiritarren jabekuntzan, finantzaketa bide berrietan, turismoan, hezkuntzan eta osasunean. Dagoeneko konfirmatuta dago ekitaldian izango direla Genis Roca, eraldaketa digitalaren arloko aditua, Antonin Leonarde, OuiShare erakundearen fundatzailea, David de Ugarte ekonomialaria eta Javier Creus, Ideas for Change erakundeko fundatzailea.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow