“Bidelek Sareak”ek sare elektriko adimendunak hedatuko ditu Gipuzkoan

9 January, 2015
imagen_spri_innovación

Energiaren Euskal Erakundeak eta Iberdrolak bultzatu duten “Bidelek Sareak” proiektuak 2015ean ekingo dio sare elektriko adimendunen hedapenari Gipuzkoan, eta Donostiatik hasiko da. Asmoa da 80.000 kontagailu adimendun instalatzea eta 500 eraldaketa zentro
modernizatzea. Azaroan jarri zen martxan Bidelek ataria.


2015eko otsailetik aurrera sare elektriko adimendunak hedatzen hasiko dira Gipuzkoan. Hala, kontagailu tradizionalak kenduko dituzte dispositibo adimendun berriak jartzeko, eta komunikazio sistema teknologiko aurreratuak instalatuko dituzte energia banaketa sare osoan. Ekintza horiek Bidelek Sareak proiektuaren barruan garatuko dira. “Bidelek Sareak” Eusko Jaurlaritzak -Energiaren Euskal Erakundearen bitartez- eta Iberdrolak bultzatutako proiektu bat da.

Guztira 80.000 kontagailu ordezkatu nahi dituzte eta 500 eraldaketa zentro modernizatu. Aldaketa horiek Donostia, Orio, Aia, Zarautz, Getaria, Zumaia, Zestoa, Aizarnazabal eta Pasai Antxon egingo dira eta 237.000 gipuzkoar baino gehiagorengana iritsiko dira. Sare elektriko adimendunak ezarriz denbora errealeko informazioa eskuratu ahal izango da argindar banaketa sare osoan zehar, eta hala, kontsumoak, intzidentziak edo sareko kargak erregistratuko dira. Era berean, urruneko zerbitzuak eskaini ahal izango dira, esaterako, ekipoak irakurri, kontratatutako potentzia aldatu edota altak eta bajak tramitatu.

2012an hasi ziren “Bidelek Sareak” hedatzen eta harrezkero Bilbon eta Portugaleten hedatuta dago jadanik, non 230.000 kontagailu adimendun instalatu baitituzte eta 1.100 eraldaketa zentro modernizatu. Proiektu honentzat aurreikusitako inbertsioa 60,5 milioi eurokoa da.

2014ko azaroan Bidelek ataria jarri zen martxan. Atari horren bidez hiritarrek posible dute beren kontsumoari eta sareko intzidentziei buruzko informazio zehatza eskuratzea eta antzeko erabiltzaileekin alderatzea. Webean dauden aplikazioen bitartez, webak aukera ematen du norbere kontsumoa aztertzeko, kontsumoa banatzeko simulazioak probatzeko eta energi aurrezkirako erronkak onartzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow