600 milioi Estatu laguntzatan I+G+B-rako

27 January, 2016

Arabako Teknologi Parkean eginiko jardunaldian Ekonomi eta Lehiakortasun Ministerioko diru-laguntza programen berri eman da. Lankidetza publiko-pribatuko programan Euskadi da diru gehien jaso duen autonomi erkidegoa, Madrilen eta Kataluniaren atzetik.

EAEko enpresa eta zentro publikoek badute aukera Gobernu zentralak I+G+B-rako bideratu dituen ia 600 milioiko Estatu laguntzak eskuratzeko. Arabako Teknologi Parkeak, SEA Arabako patronalak eta Adigest Taldeak Arabako Teknologi Parkean eginiko jardunaldian azaldu dira zein ezaugarri dituzten Lehiakortasun eta Ekonomia Ministerioko 2016ko laguntza programek.

EAEko enpresa eta erakunde publikoak laguntza horien onuradun garrantzitsuenetako batzuk dira, Euskadi hirugarren autonomi erkidegoa baita laguntza publiko-pribatuaren programan, Madril eta Kataluniaren atzetik.

Bárbara Fernández Revueltak, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioko lankidetza publiko-pribatuko programako zuzendariordeak, esan du hobetu beharra dagoela I+G-ren posizioa, zeren “ikerketa lan handia egiten badugu ere, ikerketa hori ez baita sartzen merkatuan. Bi mundu horiek elkarrengana hurbildu nahi ditugu”. Lankidetza publiko-pribatuko programaren 2016rako aurrekontua ia 600 milioi eurokoa da eta, Fernández Revueltak azaldu duenez, horien onuradunak dira organismo publikoak eta unibertsitate publiko eta pribatuak, eta baita ere I+G-ko zentro publiko eta pribatuak. “I+G jarduera nagusi bezala agertu behar da beren estatutuetan”.

Bárbara Fernández Revueltak adierazi du enpresen kasuan laguntzak %95erainokoak direla, eta 10 urteko amortizazio epeak eskaintzen dituzten maileguen bidez gauzatzen direla.  “Bermea ez da ezinbestekoa, salbu eta onuradunak 200.000 eurotik gorako mailegua hartzen badu, edo proiektuak milioi eurotik gorakoa. Programa horren bidez finantzatzen dira langileen gastuak,  tresna eta ekipoen amortizazioa, proiektuarekin zuzenean lotutako materialen gastuak eta patenteei eta laguntza teknikoari dagozkien gastuak”.

Iaz 732 eskaera egin ziren eta horietatik 299 onartu ziren, 221 milioi euro banatu zirelarik laguntzatan. “Proiektuen %66 bi edo hiru parte-hartzailerenak dira, partzuergo txikiak dira. Osasun arloko eskaerek jasotzen dituzte laguntza gehien, eta jarraian energia arlokoek. Laguntzen %62 enpresentzat dira, eta horietatik %60 ETEak dira”.

Bárbara Alcocer-ek, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioko Ikerketako Giza Baliabideen Arloko zuzendariorde nagusiak, I+G-ko ikertzaileentzako laguntzak azaldu ditu, eta ohartarazi du horien kopurua %35ekoa dela sektore pribatuan baina “%60koa izan beharko lukeela”. Aipatu du Euskadin doktoreak kontratatzeko Torres Quevedo laguntza programaren bidez bi milioi eurotik gorako diru-laguntzak banatu direla, “kopuru osoaren ia %7, era guztietako proiektuak babestu direlarik: grafenoa, open data, errealitate handitua, biogasa”.

Juan Manuel Garridok, Ekonomia Ministerioko Enpresa Berrikuntzaren Sustapeneko zuzendariordeak, I+G-rako zerga pizgarriak azaldu ditu, eta, esan duenez, “bateragarriak dira beste laguntza mota batzuekin eta ez da eskatzen proiektuak arrakasta izatea”. Baita ere azaldu du nola funtzionatzen duten Gizarte Segurantzarako hobariek, eta esan du “ikerlarientzat baino ez direla, eta ikerlariak dedikazio esklusiboa izan behar duela”.

Potentziako elektronikan diharduen Zigor enpresako I+G+B-ko arduradun Rakel Ferretek jakinarazi du bere enpresak arrakasta izan duela laguntza programa horietan. “Gure kasuan, administrazio publikoko proiektuen onarpen-ratioa %90ekoa da”,  esan du, baina azken urteetan diru-laguntzak enpresaren I+G+B-ko gastuaren %25 izan dira gehienez. “Lankidetza ereduak sustatu behar dira; gu, oso endogamiko izatetik lankidetzara igaro gara”.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow