Enpresetara I+G transferitzeak ekintzailetza bultzatzen du Euskadin 

4 July, 2016

Euskal Autonomia Erkidegoko Global Entrepreneurship Monitor, GEM CAPV 2015 txostenak dio I+G-ren transferentzia dela Euskadin ekintzailetzan jarduteko baldintza abantailatsuenetako bat. Baita ere dio finantzaketa publiko nahiz pribatua eskuratzeko zailtasunak direla ekintzaile izan nahi dutenen oztopo nagusia. 2015ean, Euskadin 18 eta 64 urte bitarteko biztanleriaren %3,4 ari zen negozio bat martxan jartzeko ahaleginetan edo 3,5 urtetik beherako negozio bat kudeatzeko lanetan, 2014ko %3,6aren eta 2013ko %3aren aldean.

 

Euskadiko ekintzailetza-jardueraren diagnostikoa egiten duen txosten hori gaur goizean aurkeztu dute Bilbon Maribel Guerrerok (Euskadiko GEM ikerketa taldeko zuzendaria Deustuko Unibertsitatean), Guillermo Dorronsorok (Deustuko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa), Eva Armestok (Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Enpresen Sustapen zerbitzuko burua), Federico Gutiérrez-Solanak (Centro Internacional Santander Emprendimiento, CISE zentroko zuzendaria) eta Carlos Peñak (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Politiken zuzendaria Innobasquen, Berrikuntzaren Euskal Agentzian).

 

Txostenak, GEM Partzuergoaren metodologiari jarraiki egin denak, ekintzailetzaren urteroko erradiografia eskaintzen du, eta horretarako aztergai ditu euskal ekintzaileen portzentajea, beren ezaugarri demografikoak, identifikatutako ekimenen kalitatea, eta euskal gizarteak jarduera berritzailearekiko dituen jarrerak eta baloreak. Baita ere aztertzen ditu ekintzailetza prozesua babesten eta oztopatzen duten inguruneko baldintza garrantzitsuenak.

 

Txosten hori mundu osoko 74 herrialdetan egiten da duela 17 urtetik, eta goi-mailako kalitateko informazioa ematen du politika publikoei buruzko erabakiak hartzeko, ekintzailetza prozesuak eta haren inguruneak nazioartean duten bilakaera ezagutzeko, eta ekintzailetzak ekonomian dituen ondorioak erakusteko.

 

Ekintzailetza-jardueraren diagnostikoa

GEM CAPV 2015 txostenak dio premiazkoa dela euskal ekintzailetza-jarduera indartzen jarraitzea.

Euskadiko ekintzailearen profilari dagokionez, txostenak dio ez dela asko aldatu aurreko edizioetatik: 35 eta 45 urte bitarteko gizonezkoa da, prestakuntza eta errenta maila altukoa. Oro har, aukera bat identifikatu izana da ekintzaile izateko motibazio nagusia. Gainera, emakume ekintzaileen tasa gizonezkoenaren azpitik dago oraindik, nahiz eta nabaritzen den berdintasuneranzko joera bat.

 

Finantzaketari dagokienez, Euskadin negozio hasiberriek 20.000 euro lortu zituzten batez beste, eta horietatik %60 proiektuaren sustatzaileak berak jarri zituen. Ekintzaileak aurreko edizioetan baino baikorrago agertu dira bankuen finantzaketaren inguruan. Gainera, proiektuen %4,5ak business angel delakoen edo arrisku kapitaleko funtsen finantzaketa jaso du edo jasotzea espero du.

 

Txostenak aurten ere berretsi du ekintzailetza-jardueraren eragina batez ere kokapenaren araberakoa dela, eta ez hainbeste negozio kopuruaren araberakoa. Hala, ekintzailetza-jardueraren %83,5 zerbitzuen arloko jarduerei dagokie, eta negozioen ia %18 jakintzan intentsiboak diren zerbitzu negozioak dira. Enpresen tamainari erreparatuz gero, ikus daiteke negozio berriek batez beste 1,2 langile dituztela. Gainera, nazioarteko orientazioa hobetu egin da, zeren hastapenetan dauden ekintzaileen %25,4k (iaz %21,6k) adierazi baitu bere bezeroen gutxienez %1 atzerritarrak direla.

 

(Barne)ekintzailetza jarduerari dagokionez, 18 eta 64 urte bitarteko euskal biztanleen %1,4k adierazi du azken hiru urteetan ekimen ekintzaileren batean parte hartu duela beren antolakundearen barruan. Adierazle horren arabera, Euskadi Espainiako batez bestekoaren (%1,1) gainetik dago.

 

Txostenak EAEko 36 aditu elkarrizketatu ditu eta ondorioztatu du hauek direla Euskadin ekintzailetza gehien sustatzen duten baldintzak: azpiegitura komertzial eta profesional egokiak izatea eta helburu horretara bideratutako gobernu programak eta azpiegitura fisikoak edukitzea.

 

Hala, aditu talde horrek hainbat gomendio egin ditu, besteak beste, hauek: finantzaketa babesten jarraitzea, ekintzailetza indartzea hezkuntzaren eta prestakuntzaren bidez, eta gobernu politiketan lanean jarraitzea, politika horiek ekintzailetza prozesuaren fase desberdinak babestu ditzaten.

 

Euskadik ekintzailetzaz duen pertzepzio eta baloreei dagokienez, bi joera azaldu ditu GEM CAPV txostenak. Bata, ikusten da badagoela ekintzaile izateko aukerarik ingurune honetan. Bestea, genero ikuspegitik, emakumeek hobeto ikusten dute ekintzailetza aukera profesional modura. Hala, argi dago garrantzitsua dela etengabe indartzea euskal gizarteak ekintzailetzarekiko dituen baloreak eta jarrerak, ez soilik enpresak sortzeko bitarteko gisa, baina baita ere bizimodu gisa.

 

GEM CAPV proiektuari buruz

GEM CAPV txostenaren hamabigarren edizioa ez zen posible izango erakunde hauen laguntza eta finantzaketarik gabe: Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Emilio Soldevilla Fundazioa, eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia (proiektuaren bazkide instituzionala). Unibertsitate hauetako ikerketa-talde batek idatzi du txostena: Deustuko Unibertsitatea (UD), Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Mondragon Unibertsitatea (MU) eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa (UAB).

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow