Enpresako patenteen espezializazioari buruzko ikastaroen edizio berria

30 March, 2017

Zortzi egunetan egingo dira, maiatzaren 5etik ekainaren 23ra, Bilboko Merkataritza Ganberan, eta SPRI Taldearen babesa dute.

 

Mondragon Unibertsitateak enpresa arloko patenteen espezializazioari buruzko ikastaroen beste edizio bat antolatu du, SPRI Taldearen (Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentzia) eta Innobasque-n laguntzarekin. Aurtengoa zortzigarren edizioa da eta, aurrekoetan bezala, Ismael Igartuak zuzenduko du. Hizlariak ere aurreko edizioetako berberak izango dira, denak ere ospe handiko adituak patenteen munduan.

 

Guztira, zortzi saio izango dira, eta zortzi ostiraletan jarraian egingo dira, maiatzaren 5etik ekainaren 23ra. Ikastaroak Bilboko Merkataritza Ganberan egingo dira, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 16:30era, eta dagoeneko egin daitezke izena emateko tramiteak.

 

Ikastaroak praktikoak izango dira nagusiki, eta helburutzat daukate zuzentarau eta irizpide argiak ezartzea enpresa-esparruan jabetza industrial eta intelektualari dagokionean, eta bereziki patenteen arloan, beti ere garrantzi berezia emanaz, besteak beste, patenteen estrategiari, kudeaketari eta errentagarritasunari. Azken helburua da patenteen inguruko kultura bat sortzea enpresetan, teknologi-zentroetan eta unibertsitateetan.

 

Hizpide hartuko diren gaiak funtsean aurreko ekitaldietako berberak izango dira, baina bi nobedade garrantzitsu daude: batetik, patente unitarioa landuko da, aurreikuspenen arabera urtearen amaieran jarriko baita martxan; bestetik, goitik behera aztertuko da Espainiako Patenteen Lege berria, apirilean indarrean sartuko dena.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow