Enpresa-ikuspegi desberdinak integratzea berrikuntzaren eragile bezala

5 September, 2016

Airlan konpainia bizkaitarrak, langileek enpresaren estrategian duten parte-hartzea bultzatzea xede duen Innobideak-Pertsonak programan parte hartu du

 

Konpainia bat osatzen duten pertsona guztien inplikazioa eta sailen arteko gardentasuna eta komunikazioa osagai garrantzitsuak dira sektore pribatuko lehiakortasuna eta berrikuntza bultzatzeko.

 

Testuinguru honetan, klimatizazioko eta aire egokituko sistemen fabrikazioan diharduen Airlan euskal enpresak, langileen parte-hartzearen bitartez enpresen lehiakortasuna areagotzea helburu duen Spri Taldeak abiarazitako Innobideak-Pertsonak programan parte hartu du.

 

“Enpresaren barruan  ikuspegi desberdinak daude. Komertzialek zer esan handia dute bezeroen beharrizanei buruz, eta bulego teknikoko jendeak beste ikuspegi bat eman dezake. Sail guztietako ekarpenak uztartu eta enpresa barruko ikuspegi desberdinak lotu behar dira”, nabarmendu du Iker Garay Airlaneko garapen arloko arduradunak.

 

Haren iritziz, parte-hartze prozesua eraginkorra izan dadin, giltzarrizkoa da enpresak gardentasun osoz jokatzea. “Erabateko gardentasun ekonomiko eta teknikoa izan behar da, eta langile guztiak informatu behar dira, edozein lanpostutakoak direla ere”, zehaztu du.

 

Programaren barruan abiarazitako ekintzetako bat, Airlanen sorreraz geroztik esparru honetan martxan jarri diren ekintza guztiei buruzko agiri bat lantzea izan da, etorkizuneko parte-hartzeari buruzko hausnarketa sustatu eta eredu bat diseinatzeko asmoz.

 

Gainera, ekimenari atxikita, estatuko eta nazioarteko ordezkaritzekiko komunikazioa bultzatzeko premia ere aztertu da.

 

“Zazpi ordezkaritza dauzkagu Espainian, eta beste bi Latinoamerikan. Kokaleku urrunetako pertsonak integratzea sekulako erronka da”, argudiatu du.

 

Innobideak Pertsonak programaren hurrengo edizioan parte hartzeko deialdia hil honen amaierara arte egongo da zabalik.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow