“Cultura y Ciudadanía” topaketaren deialdi berria

7 July, 2016

Jardunaldi horiek berrikuntza kulturalaren arloko hogeita hamar proiektu inguru bilduko dituzte Madrilen.

 

Urriaren 13 eta 14an Cultura y Ciudadanía topaketaren bigarren edizioa egingo da Madrilen. Ekimen anitzen topagune bat da, non proiektu publiko, pribatu, hiritar edo hibridoak elkartuko baitira, gizartearen eraikuntzarako eredu desberdinak esploratzeko kulturaren bitartez. Egitarauaren barruan eskainiko dira hitzaldiak, mahai-inguruak eta hiritarren parte-hartzean, diziplina nahasketan eta berrikuntza sozialean oinarritutako proiektuen aurkezpenak.

 

Jardunaldien bigarren edizio honek lurralde kulturalaren kontzeptua izango du ardatz, eta ez bakarrik ingurune fisiko gisa, baizik eta, batez ere, eragile, komunitate eta kultur erakundeen arteko topagune eta harreman-gune gisa. Topaketako parte-hartzaileek eztabaidan jardungo dute esparru globalaren eta lokalaren, erdigunearen eta periferiaren edo hiri eta landa arloen artean kokatzen diren ekimenei buruz. Antolatzaileek dioten bezala, ekitaldiaren helburua da “lurraldearekin eta hiritarrekin identifikatzen diren kultur ekintzak edo politikak pentsatzea, eta arreta berezia jartzea hainbat fenomenori, hala nola berrikuntzari, esperimentazioari eta proiektu kritikoen artikulazioari”.

 

Jadanik ireki da jardunaldien barruan aurkeztu nahi diren ekimenentzako izen-emate epea. Deialdia beraizik zuzendurik dago Estatuan sustatu edo garatutako kultur proiektu publiko, pribatu edo mistoei, eta izen-emate epea datorren uztailaren 27an itxiko da. Antolakuntzako batzorde zientifikoak 30 proiektu aukeratuko ditu gehienez.

 

Topaketa hau Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak antolatzen du Politikaren eta Kultur eta Liburu Industriaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, eta bereziki zuzentzen zaie kultur kudeaketan diharduten pertsonei, kulturarekin lotutako elkarte edo kolektibo hiritarrei, sortzaile eta ekintzaileei, ikerlariei, hezitzaileei edota tokiko edo lurraldeko garapen eragileei.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow