Empathic, coach birtual bat pertsona nagusien independentzia ahalbidetzeko

15 November, 2017

UPV/EHUko ikerketa talde batek lideratzen du Europako proiektu hori.

 

“Empathic proiektuaren helburua da laguntzaile birtual bat sortzea pertsona nagusien bizitza independentea luzatzeko”, azaldu du Mª Inés Torresek, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Speech Interactive Research Group taldeko liderrak. Ikerketa-talde horrek koordinatzen du 10 bazkidez osatutako Horizon 2020 Empathic proiektu europarra. Diziplina anitzeko lantalde bat da (teknologian, psikologian, neuro-zientzietan eta pertsona nagusien zaintzan espezializatutako profesionalez osatua dagoena), hiru urteko epean laguntzaile bat garatuko duena, laguntzaile horren bidez ohitura osasuntsuak sustatzeko pertsona nagusien artean.

 

Proiektuak entrenatzailearen figura imitatu nahi du. “Avatarrak osasun-gomendioz osatutako plan bat sortuko du, hiru arlotan banatuta: elikadura, bizitza soziala eta ariketa fisikoa” dio Mª Inés Torresek, “horretarako, elkarrizketan eta helburuetan oinarritutako metodologia bat erabiliko du, coach batek egingo lukeen bezalaxe”. Sistema hori bereziki pentsatuta dago bakarrik bizi diren eta oraindik independentzia-maila altua duten pertsona nagusientzat, eta beren narriadura fisiko zein emozionala saihesteko portaerak sustatzen ditu.

 

Empathic proiektuak sortuko duen software-aplikazioa sakelakotik, tabletetik edo telebistatik erabili ahal izango da. Laguntzaile birtual hori pertsonalizatu egingo da erabiltzaile bakoitzaren beharren arabera, eta datuak bilduko ditu hainbat bidetatik. Ahots sentsoreek eta kamerak egoera emozionalari buruzko informazioa eskuratuko dute erabiltzailearekin hitz eginda, baina baita ere aztertuko dituzte ahotsaren tonua, aurpegiko espresioak eta irisean ematen diren aldaketak. Orobat alderatu ahal izango ditu historial medikoa eta erabiltzaileak sartu nahi dituen beste datu guztiak.

 

“Esaterako, erabiltzailea gero eta gehiago gelditzen bada etxean, eta esnea eta gailetak bakarrik jaten hasi bada, laguntzaileak egoera hori detektatuko du elkarrizketaren bitartez, eta helburutzat jarriko dio merkatura joatea edo berriz sukaldean hastea” azaldu du proiektuaren koordinatzaileak, “horretarako, proposatu diezaioke lagun bati deitzea eta erosketak elkarrekin egitea edo gogorarazi diezaioke zeinen ongi ateratzen zaion plater jakin bat”.

 

Europako hamar erakundek osatzen dute Horizon 2020 Empathic partzuergoa. Euskaditik, UPV/EHUz gain, Osakidetza, Osatek eta BetiOn Telelaguntza Zerbitzu Publikoko profesionalek parte hartzen dute ekimenean. Hauek dira gainerako bazkideak: Osloko Unibertsitatea; Frantziako Institut Mines-Télécom (aurpegi errekonozimenduan espezializatua); Israeleko Technion Institutua (begian aldaketa emozionalak detektatzen dituen teknologia bat garatu duena); Napoliko Unibertsitatea; Intelligent Voice enpresa britainiarra; Acapela enpresa belgikarra; Tunstall, tele-laguntzako produktu eta zerbitzuen hornitzailea; eta Frantziako E-Seniors, eten digitala murriztea helburu duen elkartea.

 

Gainera, etorkizuneko erabiltzaileak ere garrantzitsuak izango dira laguntzailea diseinatzeko eta garatzeko orduan, eurek ebaluatuko baitute proiektua sorkuntza prozesuan zehar. Hiru pertsona-taldek parte hartuko dute: Euskadin egongo da bat, Osakidetza-Osatek zerbitzuetako erabiltzailez osatua; Frantzian beste bat, E-Seniors elkartearen bidez sortua; eta Norvegian hirugarrena. “Profil oso desberdineko partzuergoa gara, beraz, lengoaia komun bat sortu behar dugu gure artean komunikatzeko, proiektua arrakastatsua izango bada” adierazi du Mª Inés Torres ikerlariak, “horretarako, ezinbestekoa da erabiltzaileak inplikatzea prozesuaren hasieratik”.

 

Proiektua azaroan jarri da martxan, eta hiru urte iraungo ditu. Lantaldeak 2019ko maiatzerako eduki nahi du lehen prototipoa, eta laguntzaile birtuala bukatuta izan nahi du 2020ko azken hiruhilekorako.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow