Ekintzailetza sozialaren edertasun ikusezina

26 July, 2016

Puig Fundazioak eta Ashoka sareak programa bat abiarazi dute gazte ekintzaileei laguntzeko.

 

Invisible Beauty Makers ekintzaile sozialen Ashoka sareak eta Puig Fundazioak elkarrekin sustatutako deialdi bat da, eta helburutzat du beren ingurunean inpaktu handia izateko gaitasuna duten proiektu sozialak bultzatzea. Programa horrek tutoretza eta prestakuntza prozesu bat eskaintzen die izaera sozialeko ekimenen bat martxan daukaten 18 eta 25 urte bitarteko gazteei.

 

Bost proiektu aukeratuko dira deialdiaren barruan, eta lantaldeek tutoreen laguntza izango dute bi urtez -urtarriletik ekainerako bitartean-, beren ekimena enpresa-proiektu sostengarri bihurtzeko; gainera, prestakuntza-saioak (Puig enpresako espezialistekin) eta networking-topaketa fisiko nahiz birtualak ere egingo dituzte. Prestakuntza-planak pertsonalizatuak izango dira, tutorearen eta lantaldearen artean diseinatuak, eta parte-hartzaileek 100 ordu inguruko dedikazioa izan beharko dute bi urtetan.

 

Eskaerak aurkezteko epea zabalik egongo da irailaren 15era arte, eta deialdiaren webean jasotako eskabide-orria bete beharko da horretarako. Programa hau jadanik martxan dauden eta ingurunean inpaktu positiboa izan duten proiektuei zuzentzen zaie. Lantaldearen erdiak gutxienez 18 eta 25 urte bitarteko gaztez osatua egon beharko du, eta hautaketa prozesuan garrantzi handia emango zaio ideiaren sormen eta inpaktu sozialari, bai eta bultzatzaileen ekintzailetzarako gaitasunei.

 

Invisible Beauty Makers programaren bigarren edizioa da aurtengoa. Lehen deialdiko proiektuen artean aipatzekoak dira, besteak beste, hauek: Arte Paliativo, artearen eta gizarte hezkuntzaren bitartez gaixo terminalei laguntza emateko plana; Tu Mundo Invisible erakusketa ibiltaria, ezgaitasunak dituzten pertsonek egunero jasaten dituzten muga eta oztopoak esperimentatzeko aukera ematen duena; edota Stop Wasting Stock, elikagaiak alferrik ez galtzeko, saltokiak, boluntarioak eta jangela sozialak konektatzen dituen ekimena.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow