Ekhi, tokiko ekonomia sustatzen duen txanpon elektronikoa

6 April, 2016

Bizkaiko Desazkundea elkarteak formatu digitala eman dio bere Ekhi txanpon sozialari.

Ekhi proiektuaren bultzatzaileek beren atarian diotenez, hamar eurotik bederatzi finantza merkatuetan kontzentratuta daude; bakarra erabiltzen da ekonomia errealean eta horrek eskasia kronikoa sortzen du. Ekhi proiektuaren helburua da bere hondar aletxoa jartzea arazo hori konpontzeko; hala, diruaren erabilera sustatzen du ingurune hurbileneko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko.

Ekhi proiektua 2013an sortu zen Desazkundea kolektiboaren eskutik, tokiko merkataritza etiko eta sostengarriari lagunduko dion txanpon sozial bat sortzeko. Hainbat urtetan erabili dute Bizkaiko saltokietan paperezko formatuan, eta orain, lantaldeak erabaki du Ekhi txanpon elektroniko bihurtzea. Hau da, Internetera konektatutako edozein smartphone edo dispositibo mugikorrekin erabili ahal izango da.

Txanpona proba fasean dago, baina aplikazioa jadanik dohainik deskarga daiteke Android sistema eragiledun dispositiboetan, eta erabiltzaile berriek Bilboko Alde Zaharreko 11 establezimendutan erabil dezakete. Sistemak diru-zorro elektroniko batek bezala funtzionatzen du. Hala, ordainketa prozesuak sinpletzen dira, eta Ekhiak (euroen baliokide dira) birkargatzeko nahikoa da proiektuarekin bat egin duten saltokietara joatea. Bestalde, ekimena zabalik dago baita ere sare horretan sartu nahi duten enpresa eta elkarte guztientzat.

Proiektua erabiltzaileek eginiko ekarpen sistema baten bidez finantzatuko da. Pertsona bakoitzak aurreko hileko batez besteko saldoaren %0,5 ematen du sistema mantentzeko; horrez gain, kopuru horren %0,2 ematen du Ekhi proiektuaren baloreekin bat datozen gizarte eta ingurumen arloko elkarteentzat. Finantzaketa modu horrekin diruaren zirkulazioa sustatzen da –zenbat eta Ekhi gehiago pilatu kontuan, orduan eta ekarpen handiagoa egingo du erabiltzaileak-, eta baita ere inguruko ekonomia.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow