EBk Eskubide Sozialen Europako Zutabea sinatu du

22 azaroa, 2017
Portal del marcador de tendencias sobre derechos sociales.

Testuan jasota daude laneratzeko eta gizarteratzeko printzipioak.

 

Joan den azaroaren 17an, Social Summit for Fair Jobs and Growth topaketan bildu ziren Europar Batasuneko ordezkari gorenak, eta hantxe sinatu zuten Eskubide Sozialen Europako Zutabea. Agiri horretan jasota daude hiritarren eskubide berriak, hertsiki lotuak daudenak enpleguarekin, prestakuntzarekin eta bizitza duina bermatzen duten zerbitzuekin.

 

20 printzipiok osatzen dute testua, hiru kategoriatan sailkatuta: lan-merkatuan sartzeko eskubidea eta aukera berdintasuna; bidezko lan-baldintzak; eta integrazioa eta babes soziala. Hiru ardatz horietako lehenengoak bere baitan hartzen ditu, besteak beste, hauek: hezkuntza eta etengabeko prestakuntzarako eskubidea; aukera berdintasunerako eskubidea, sexua, jatorria, erlijioa edo ezgaitasunak gorabehera; eta lanpostu bat bilatzeko laguntza jasotzeko eskubidea.

 

Lan-baldintzei dagokienez, Eskubide Sozialen Europako Zutabean jasota daude printzipio hauek: kalitatezko enplegua bermatuko duten lan modu berritzaileak sustatzea; enpresa espiritua bultzatzea; eta bizitza profesionalaren eta pribatuaren arteko oreka bilatzea. Azkenik, orobat jasota daude langileen babes sozialaren arloko eskubideak: gutxieneko errenta egokia izateko eskubidea eta erretiratu ondoren bizitza duina bermatzeko moduko pentsioa izateko eskubidea.

 

Jean-Claude Juncker-ek (Europako Batzordeko presidenteak), Antonio Tajani-k (Europako Legebiltzarreko presidenteak), eta Jüri Ratas-ek (EBko Batzordeko uneko presidenteak) sinatu dute dokumentua, zeinak Estatu kideei ematen baitie agiriko eskubide gehienen gaineko eskumena, nahiz eta Europako Batzordeak hainbat ekimen garatuko dituen eskubide horien aplikazioa sustatzeko. Eskubide Sozialen Europako Zutabearen karietara, plataforma “markagailu” bat sortu da, bertan monitorizatzeko Estatu kideek eta EBk kategoria bakoitzean eginiko aurrerapenak.

 

Datuak bistaratzeko plataforma horretan dagoeneko jasota daude Europar Batasunak 2005. eta 2016. urteen artean eginiko aurrerapenak arlo hauetan: gizarteratzean, enpleguan eta prestakuntzan. Hona hemen joera horietako batzuk: murriztu egin da ikasketak Bigarren Hezkuntzako titulurik gabe utzi dituzten gazteen kopurua, zeren 2005ean %15ekoa zen eta 2015ean %11,6koa, halere Espainiako datuak batez bestekoaren oso azpitik daude 2015ean %19koa izan baita; gutxitu egin da gizon eta emakumeen laneratze-etena (gaur egun %12 ingurukoa da); eta enplegatutako pertsona kopurua Europako batez bestekoaren inguruan dago, %71 inguruan (ez da halakorik lortu 2008tik).

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow