Donostiapedia: Donostiari buruzko ezagutza partekatuz

14 July, 2016

Uztailaren 9an, larunbatean, maratoi bat egin zen hogeita hamar bat hizkuntzatako artikuluak wikipedian txertatzeko.

 

Wikipediaren 15. urteurrena dela-eta DSS2016 ekimenak Donostiapedia proiektua abiarazi du, zeinaren helburua baita entziklopedia librea elikatzea hiritarrek Donostiari buruz sortutako edukiekin. Esan bezala, hiriari buruzko ezagutza partekatzea eta zabaltzea da ekimenaren helburuetako bat, baina badu beste bat ere: euskarak Wikipedian duen presentzia sustatzea, besteak beste Donostiako kulturari, kirolari, arkitekturari eta historiari buruzko sarrerak itzuliz eta berriak sortuz.

 

Ekimen horren barruan, uztailaren 9an, larunbatean, Donostiapedia aberasteko jardueretako bat egin zen: 1516-2016 Bake-itunak erakusketari buruzko wiki maratoi bat. Parte-hartzaileek erakusketako obrei buruzko sarrerak idatzi behar izan zituzten ahalik eta hizkuntza gehienetan, eta arreta berezia eskaini zitzaien hizkuntza gutxituei. Hiritarrak eta antolakuntzak gonbidatutako eragileak (Estatutik nahiz Europatik etorriak) egun osoan aritu ziren lanean editatoi kolektibo horretan, eta erakusketako 30 obra adierazgarrienei buruzko artikuluak sartu zituzten Wikipedian.

 

Donostiapedia proiektua maiatzaren amaieran abiatu zen, eta Hiritartasunak irauten duen urte osoan egongo da martxan. Dena den, epe luzera ere prozesuarekin lanean jarraitzea da antolatzaileen asmoa. DSS2016k jarduera gehiago ere egin ditu hiritarrek Donostiari buruzko sarrerak idatz ditzaten, esaterako, Amarapedia auzo-tailerra edota liburutegietan eta ikastetxeetan egin diren jarduerak. Urtearen amaieran liburu bat editatuko da ekimenaren barruan sortutako eduki guztiekin, hiriari buruz sortutako ezagutza kolektibo guztia biltzeko.

 

Urriaren 22tik 24ra, Liburutegien Egunaren karietara, Donostiapedia proiektuak nazioarteko Wikipedia Loves Libraries ekimenean parte hartuko du, non jarduera bateratuak antolatuko baitira hiriko liburutegiekin, museoekin eta artxiboekin. Egun horietan askotariko jarduerak egingo dira, hala nola edizio tailerrak, eduki libreei buruzko hitzaldiak, kontzertuak liburutegietan eta argazki rally bat ere bai, lizentzia libredun irudiak biltzeko. Interesatu guztiek egin ditzakete beren eduki ekarpenak Donostiapedian, eta ez dago entziklopediari buruzko aurretiazko ezagutzarik izan beharrik, antolakuntzak berak eskaintzen baitu artikuluak txertatzen ikasteko laguntza.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow