Don Bosco LHIIko ikasleek haur-protesi bat inprimatu dute 3Dn

10 February, 2016

Errenteriako Don Bosco LHIIko lau ikaslek A Coruñako 9 urteko ume baten premiei egokitutako beso-protesi bat sortu dute, 3D inprimaketako teknologiak erabiliz. Borondatezko proiektu bat da, nazioarteko Enabling the Future ekimenaren barruan kokatzen dena (ikastetxea da parte-hartzaileetako bat), eta protesia otsailaren 8an entregatu zioten Unairi, hots, jabe berriari.

Bi hilabeteko prozesu bat izan da, eta, hain zuzen, hasi zen Unairen familia ikastetxearekin harremanetan jarri zenean semearentzat protesi bat eskatzeko. Zailena izan da diseinua Unairen premiei eta bere besoaren tamainari egokitzea, eta ikasle-taldeak eta Carlos Lizarbe irakasleak Domotek enpresaren borondatezko lankidetza izan dute horretarako. Hortik aurrera, pare bat egun baino ez zituzten behar izan piezak inprimatzeko eta muntatzeko. Hala, ohikoak baino askoz protesi arinago bat lortu dute, eta oso kostu baxukoa, zeren, familiari dohainik entregatu zioten arren, fabrikazio prezioa 10 euro ingurukoa baita. Gainera, Unaik bere esku berriaren koloreak aukeratu zituen.

Don Bosco LHIIko irakasle eta Elektronika Departamenduko buru den Carlos Lizarbek bultzatu du ekimena, ikasle-taldeak Enabling the Future proiektuan parte hartzen baitu. Enabling the Future nazioarteko plataforma bat da, zeinak helburutzat baitu ezagutzak eta baliabideak partekatzea protesiak fabrikatzeko eta premia handiena duten pertsonei entregatzeko. Ingeniariek, diseinatzaileek, maker-ek, ikasleek nahiz irakasleek parte hartzen dute ekimenean, diseinuak kolaboratiboki partekatuz eta hobetuz, eta komunitatearen eskura jarriz. Gaur egun, 7.000tik gora lagun daude plataforman, eta 2.000 protesi inguru entregatu dituzte mundu osoan.

Don Bosco ikastetxeko ikasleek lehenago ere fabrikatu izan dituzte halako protesiak dohainik. 3D inprimaketako teknologiak erabiltzen ikasteko hezkuntza-programaren barruan, iazko ekainean bi esku inprimatu eta muntatu zituzten Jalisco hiriko (Mexiko) baliabide gutxiko pertsonentzat, beraz, ikasteaz gain, gizartearentzako onura bat ere sortu zuten.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow