Diseinu soziala, teknologiaren bidez bizitza hobetzeko

6 July, 2016

Irailean diseinu sozialari buruzko ikastaro bat egingo da Donostian.

 

Aurrerapen teknologiko, zientifiko eta ekonomikoko aplikazioen aldean, zientzia sozialek bigarren mailako papera dute I+G+B-n. APTES elkartearen eta Novia Salcedo fundazioaren Diseinu Sozialeko Eskolak dio, zientzia sozialen bigarren mailako paper hori dela-medio, berrikuntzen emaitzek gabeziak izaten dituztela beren helburu sozialetan. Diseinu sozialaren helburua da gabezia edo hutsune hori konpontzea, eta gure bizi kalitatea hobetuko duten konponbideak bilatzeko ikerketa eta garapena indartzea.

 

Irailaren 7an eta 8an Diseinu Soziala: berrikuntza soziala gidatzeko printzipioak eta teknikak udako ikastaroa egingo da Donostian. Topaketa hori UPV/EHUren egitarauaren barruan antolatu da, eta bere helburua da ezagutzera ematea diseinu sozialaren kontzeptua, printzipioak eta tresnak eta aztertzea nola aplikatu daitekeen diseinu soziala hainbat esparrutan, hala nola gizarte politiketan, enpleguan, osasunean, biztanleriaren zahartzean eta enpresan.

 

APTES – Teknlogia sozialaren sustapenerako elkarteko zuzendari Adriana Martínezek zuzenduko du ikastaroa. Hainbat esparrutako -administrazio publikoetakoak, enpresen aholkularitzakoak, psikologia arlokoak eta berrikuntza sozialaren arlokoak- beste zortzi hizlarik ere parte hartuko dute. Hitzaldi eta eztabaidaz osatutako egitarauaren barruan diseinu sozialaren ikuspegia landuko da politika publikoetan, taldeen sorkuntzan eta, besteak beste, gazteentzako enpleguan.

 

Ikastaroaren barruan Donostiako Udalak sustatutako Donostia Lagunkoia ekimena aurkeztuko da, zeinaren helburua baita pertsona nagusien bizi kalitatea hobetzea, esparru sozial desberdinetan duten presentzia indartuz eta zahartze aktiboa sustatuz. Planaren diseinuan parte hartu dute pertsona nagusien elkarteek, udal teknikariek eta sektore pribatuak, eta urte osorako jarduera programa bat ere barne hartzen du.

 

Miramar Jauregian egingo den ikastaro honek modu berriak sustatu nahi ditu komunitate eta antolakundeen barruan harremanak egiteko, baliabideak kudeatzeko eta ezagutzak trukatzeko eta, bide horretatik, beren aberastasun soziala handitzeko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow