Demokrazia Digitala: teknologietatik harago

16 April, 2017

NESTA berrikuntza agentziaren txostena online eskuratu daiteke.

Ikerketa batek aztergai ditu parte-hartzea zabaltzeko IKTak darabiltzaten proiektu aitzindariak.

 

NESTAren Digital Democracy ikerlanaren arabera, teknologia digitalek aldatu egin dute gure bizitzaren zati handi bat, baina gobernantza eredua XX. mendekoaren berdina da ia. Egunero erabiltzen ditugu IKTak komunikatzeko, erosketak egiteko, informazioa eskuratzeko eta lanerako, baina erabaki politikoak ordezkarien arteko eztabaida presentzialetan oinarritzen dira oraindik ere.

 

Ez da erraza demokrazia digitalaren kontzeptua mugatzea, kontzeptu hori hertsiki loturik dagoelako tresna digitalak erabiltzearekin gardentasuna sustatzeko, parte-hartzea handitzeko eta hiritarrak sartzeko erabakiak hartzeko prozesuetan. Digital Democracy azterlanak definizio hau ematen du: “demokrazia praktikatzea tresna eta teknologia digitalak erabiliz”. Mundu osoan garatutako esperientzia desberdinetatik abiatuta, NESTAren ikerlanak ahalegina egin du jakiteko zerk funtzionatzen duen eta zerk ez.

 

Txostenean hainbat kasu daude, adibidez, Brasileko e-Democracia plataforma, zeina 2009an abiarazi baitzen, hiritarrak sartzeko legegintzako prozesuetan. Espazio horretan, jendeak aukera du foroetan parte hartzeko ordezkari politikoekin, iradokizunak argitaratzeko edota komunitate birtual tematikoetan eztabaidatzeko. 2016an plataformak 37.000 erabiltzaile erregistratu baino gehiago zituen, eta lege proiektu asko egin dira kanal horretatik jasotako proposamenetatik abiatuta. Antzekoak dira Frantziako Parlement et Citoyens, non 30 ordezkari politikok parte hartzen baitute edota vTaiwan, zeinak onlineko eta offlineko espazioak uztartzen baititu adostasun zabala lortzeko gai konplexu edo eztabaidagarrien inguruan.

 

Azterketa horretatik abiatuta, txostenak “ikasitako hainbat lezio” eman ditu. Lehenengoak dio zintzotasunez eta gardentasunez jokatu behar dela: ongi azaldu behar da zer egingo den jasotako ekarpenekin eta nolako eragina izango duten azken erabakian, bestela, prozesuak desilusioa eta frustrazioa sor ditzakeelako. Horrez gain, garrantzitsua da onlineko eta offlineko kanalak nahastea, parte-hartzea komunitate desberdinengana irits dadin. Azkenik, azterlanak dio funtsezkoa dela erabiltzaileentzako eta prozesuaren premietarako tresna egokienak aukeratzea, teknologiak eskaintzen dituen aukera guztiekin itsutu beharrean.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow