Donostiako adierazpena: hiria, aldaketaren protagonista

30 March, 2016

Martxoaren 16tik 18ra Donostian eginiko CIDEU Kongresuaren markoan, 11 herrialdetako ordezkariek Donostiako Adierazpena sinatu zuten. Akordio horren helburua da konponbide berriak bilatzea erronka global handientzat, hirietatik sustatutako estrategiak erabiliz.

CIDEUn (Garapen Estrategikorako Zentro Iberoamerikarreko Hirien Batzar Nagusian) esandakoaren arabera, gizarteek lau erronka handi izango dituzte etorkizunean: klima aldaketaren aurkako borroka, ehun ekonomikoa eraldatzea etorkizuneko enplegu berriak bultzatzeko, kohesio soziala eta gobernantza-eredu berri eta parte-hartzaileagoa. Donostiako Adierazpenak aldarrikatzen du hiriek lidergoa hartu behar dutela erronka horietan aurrera egiteko.

Akordioaren ardatz nagusietako batek xedetzat du karbono aztarna murriztea -horretarako sustatuz garraio publikoa eta garraio pribatu ez-kutsatzailea-, etxebizitza eta eraikinen birgaitze energetikoa, hondakinen kudeaketa egokiagoa eta energia berriztagarrien erabilpena. Bultzada ekonomikoari dagokionez, CIDEUko ordezkariek azpimarratu dute oso garrantzitsua dela ekintzailetza eta berrikuntza soziala sustatzea, bide horretatik, enplegu nitxo berriak ustiatzeko. Hain zuzen, zaharkitutako hiri-espazioak eraldatu eta produkzio jarduera berrietarako toki bihurtzea izango da helburu hori lortzeko estrategietako bat.

Kohesio sozialaren arloan, Adierazpenak hirirako eskubidea nabarmendu du, kolektibo kalteberentzako gizarteratze-estrategiak eta pertsona nagusientzako belaunaldi arteko ekimenak sustatuz. Akordioak dioen bezala, hirigintza pedagogiko eta parte-hartzaileko proiektuak tresna egokia dira pertsonengan zentratutako hiri inklusiboagoak lortzeko.

CIDEU Sare Iberoamerikarraren Nazioarteko XXII. Kongresua Donostian egin zen “Hirien etorkizuna. Erronka handiak” lelopean, eta 11 herrialdetako eta 60tik gora hiritako ordezkariek parte hartu zuten ekitaldian. Topaketan zehar, hainbat hirik -ekonomikoki, sozialki eta ingurumenaren aldetik sostengarriagoa den etorkizuneranzko bidean lanean ari direnak- beren proiektuak aurkeztu zituzten. Hona hemen horietako batzuk: Irungo Sorkuntza Fabrika, herriko sorkuntza-sarea sustatzeko espazioa; Bilboko Zorrozaurre auzoaren eraldaketa prozesua, erabilpen mistoak dituen sorkuntzarako uharte bihurtu dena; eta Donostiako oinezko eta bizikletentzako mugikortasun plana, zeinari esker bizikleta bidezko garraioa laukoiztu egin baita 2000. urtetik (urtean 4.300 joan-etorri egiten ziren lehen eta orain, ordea, 19.000 baino gehiago).

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow