Contenlandia: Dibertsioa berrerabilitako itsas-edukiontzi batean

23 April, 2016

Elkarrizketa José Luís Santínekin (ContenHouse enpresako kudeatzailea) eta Pedro Ibarrarekin (Icolandia enpresako kudeatzailea)

Icolandia eta ContenHouse euskal enpresek beren espezialitateak elkartu dituzte Contenlandia sortzeko: haurrentzako parke bat berrerabilitako eta eraldatutako itsas-edukiontzi baten barruan. Proposamen original bat da, berrikuntza eta sostengarritasuna uztartzen dituena haurrek dibertitzeko aukera izan dezaten espazio garraiagarri eta oso txiki batean. Enpresa bietako lantaldeak saiatu dira erakusten edukiontzi horiek, dituzten ezaugarriengatik, ezin egokiagoak direla ostalaritza eta jatetxeetan antolatzen diren edonolako ekitaldietarako.

 

 

Pedro, argi dago maite duzuela haurren bizitza dibertigarriagoa egitea…

Bai, jakina, haurrak dibertitzea da gure helburua, eta urteak daramatzagu ahalegin horretan, zeren Icolandia enpresak barneko haur-parkeak fabrikatzen, muntatzen eta mantentzen baititu, zerbitzu globalak eskainiz arlo horretan. Gure markak eta giza taldeak ia 20 urteko ibilbidea dituzte, baina azken etapa honetan kooperatiba bat osatu dugu, eta erabat berrabiarazi dugu enpresa, gure estrategia kalitatera eta berrikuntzara bideratuz.

 

Bizkaiko enpresa txiki bat izan arren, Icolandia Europa mailako erreferente bihurtu da barneko haur-parkeen eraikuntzan…

Europan izan dugun hazkundearen arrazoi nagusia gure instalakuntzen kalitate tekniko handia izan da, erabiltzailearen segurtasuna funtsezkoa den esparru batean. Gure parkeak EN 1176 eta EN 1177 arauak jarraituz fabrikatzen ditugu, eta Frantzian APAVE kontrol bulegoak homologatu ditu. Prozesu osoa arau horiei jarraituz egiten dela bermatzeko, gure aditu taldeak parkeen muntaia eta doikuntza ere zuzentzen du. Ondorioz, gure jolas-guneak gogorrak eta iraunkorrak dira, eta harro esan dezakegu gure haur-parke horietan belaunaldi bat baino gehiago jolastu direla; horixe da, esaterako, Irungo Txingudi merkataritza-guneko parkearen kasua, 1997an instalatua eta oraindik egoera ezin hobean dagoena. Printzipio horietan oinarrituta, txoko garrantzitsu bat lortu dugu Frantzia, Belgika edota Alemaniako merkatu zailetan.

 

Zuen kasuan, Jose Luis, zuen kezkak ez datoz arkitektura tradizionalaren esparrutik. 

Erabat, ContenHouse proiektua aitzindaria izan da Estatu osoan, eraikuntza tradizionalarentzako formula alternatibo eta sostengarri bat bilatzen. Gure proposamena da etxebizitza edo eraikuntza estandarizatuak fabrikatzea berrerabilitako eta eraldatutako itsas edukiontziak erabiliz. Kontzeptu berria da, izaera sostengarri eta sozial handikoa. Erosotasunei eta prestazioei uko egin gabe, eraikitzeko formula honek konponbide ekologikoagoa eskaintzen du, energia gutxiago kontsumitzen duena eta guztiz birziklagarria, merkatu tradizionaleko prezio estandarrak baino askoz prezio txikiagoetan.

Kontzeptu horretan ari gara lanean aspaldian, eta instalazio alternatiboak bilatzen ari ginela aurkitu genuen Icolandia; ikusi genuen bazegoela aukera edukiontzi batean kokatutako haur-parkeak eskaintzeko ohiko instalazio baterako tokirik ez duten, edo instalazio mugikor bat behar duten establezimenduentzat.

 

Itsas edukiontzi birziklatu bat, lehen mailako kalitateko materialekin egokitua eta guztiz homologatua!

Edukiontziak funtsezkoak dira merkatu-gaiak itsasoz garraiatzeko. Batez beste, 7-14 urteko bizitza baliagarria izan ohi dute. Denbora horren ostean ez dute balio garraiorako, baina oso egokiak izan daitezke beste erabilera batzuetarako. Dituzten ezaugarriengatik (gogorrak dira, estankoak, e.a.) aproposak dira gure asmoetarako. Moduluka eraikita daudenez, nahi bezalako espazioak eraiki daitezke, hasi solairu bakar batean eraikitako 30 metro koadrokoetatik eta 5 solairutan eraikitako ehunka metro koadrokoetaraino.

Aniztasun horri esker konponbide bideragarria da eszenatoki askotarako. Txoko bat egiteko, edo ikasle-egoitza bat, edo camping bateko bungalowak… eta, jakina, baita ere Contenlandia bezalako haur parke bat egiteko.

 

Posible al da benetan edukiontzi batean bizitzea?

Guztiz. Erabiliak izan aurretik edukiontziei ematen zaien prozesatu eta eraldaketak bermatzen du amaierako emaitza etxebizitza eroso bat izango dela, prestazio guztiekin eta baldintza guztiak betetzen dituena. Badute isolamendu termikoa eta akustikoa, argindarra, ur kanalizazioak, e.a. Gainera, edukiontziak ez dira begi-bistan gelditzen etxea amaituta dagoenean. Barneko horma eta tabikeak erabat estaltzen dira eta kanpoaldearen akabera era askotako material eta koloretakoa izan daiteke, jarriko den ingurunera ahalik eta ongien egokitzeko.

 

Gainera, ezin dugu ahaztu arkitektura sostengarria dela, ingurumena errespetatzen duten bio-eraikuntzako materialak erabiltzen direla…

ContenHouse enpresak itsas-edukiontziak birziklatzen ditu eta eraikinak egiteko material ekologikoak edo erraz birziklagarriak erabiltzen ditu, kontuan harturik energia eraginkortasuna. Hala, ingurumen gaietan kontzientziaturik dagoen erabiltzaile batek badaki bere etxea ekologikoa, eraginkorra eta sostengarria dela. Ideia hori indarra hartzen ari da Europan, eraikuntza sostengarria, bio-etxebizitzak eta etxebizitza soziala bultzatzen dituzten planekin lotuta. Azkar egiten direlako, merkeak direlako eta atzean duten filosofiarengatik, sistema erabilgarria, errentagarria eta egokia dira, bai etxebizitza partikularrak egiteko, bai etxebizitza sozialeko proiektuetarako, ikasle auzoak eraikitzeko eta antzekoetarako.

 

Pedro, eta Contenlandiari gagozkiola, zer ekarpen egiten dio ideia horrek zure esparruari?

Lehen ezinezkoa zen zerbait lortzeko balio izan du: barneko haur-parke eramangarri bat egitea espazio txiki batean. Oso instalazio baliagarria da hotel, jatetxe edo ekitaldietarako, familiei zerbitzu gehigarri bat eskaini nahi zaienean, haurrei dibertsioa segurtatuz eta egonaldia edo jarduera hori askoz esperientzia atseginagoa bihurtuz. Haur-parkeak hiru tamainatan aukeratu daitezke, edukiontziaren tamainaren arabera eta edukiontzi bakarra den ala bi elkartuta dauden kontuan hartuta. Edukiontzi txikienean 15 haur kokatzen dira, erdikoan 35, eta handian 60. Aukera horietako edozeinetan, haurrak ingurune seguru batean jolas daitezke, zeren Contenlandiaren instalazio osoa diseinatu baita kontuan harturik indarrean dagoen araudia; eta haur parkeak, gure parke guztiek bezala, Europako arauak betetzen ditu. Era berean, aukera ematen die jolasteko espazio eta modu berriak ezagutzeko.

 

Enpresa arteko Lankidetza aukeratu duzue berritzeko eta negozio ildo berri bat sortzeko

Lankidetza honetan sinergiak biderkatu egiten dira, lantalde bakoitzak bere esparruko espezialista ikuspegia dakar-eta. Horrek posible egiten du askoz horizonte zabalagoa eta produktu garatuagoa lortzea, eta erantzunak ematea gutako bakoitzak gure esparruan detektatzen ditugun premia guztiei. Zentzu horretan, gure lantaldeak erabateko sintonian daude, sostengarritasuna, eraginkortasuna eta erabilgarritasuna uztartzen dituen instalazio bat bilatu baitugu.

 

Contenlandia hainbat tokitan aurkitu daiteke gure inguruan, eta ari da mugak gainditzen.

Bai, badaramagu denbora bat proposamena merkaturatzen, eta ikusi dugu zeinen ondo hartzen duen publikoak haur-parkea. Oso ondo funtzionatzen du ekitaldietan, batez ere eguraldi txarrari aurre egiteko moduko parke bat eskertzen den lekuetan… Nazioartean itxaropen handiak ditugu, gure haur-parkeek harrera ona izan dutelako eta eskaintza oso berritzailea delako.

 

Bukatzeko, baduzue buruan elkarrekin egiteko beste proiekturik? Zeintzuk dira zuen hurrengo erronkak?

Gure hurrengo erronka da instalazioak garatzea barneko nahiz kanpoko diseinu tematizatuekin, eta jolas-sistema berriak eta teknologia berriak txertatuz.

 

Informazio+:

http://www.contenlandia.com

http://www.contenhouse.com

http://www.icolandia.com

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow