Denontzako jolas-tokia eraikitzen

2 June, 2016

Elkartoki proiektuan Lehen Hezkuntzako ikasleek beren jolas-espazioak birdiseinatzen dituzte, bizikidetza-baloreak kontuan hartuta.

Getxoko San Nikolas Ikastolako 450 ikaslek Elkartoki programan parte hartu dute bederatzi hilabetez. Ekimen horren helburua da bizikidetza, berdintasuna eta sormena sustatzea espazioa birdiseinatuz. Ikasturtean zehar, neska-mutilek ehundik gora tailer egin dituzte nolako jolas-tokia nahi duten pentsatzeko. Prozesu horretan kontuan hartu dituzte dauden premiak eta, azkenik, jolas-azpiegitura berriak eraiki dituzte denen artean.

Proiektua bultzatu duen Ttipi Studio kooperatibako Ane Abarrategik azaldu duenez, “eskoletako jolas-tokiak oso espazio estandarizatuak izaten dira, baloiarekin egiten diren jolasetan zentratuak, eta gainerako jolasak periferiako eremuetara baztertzen dira”, “horrek oso toki gutxi uzten duelarik jolasekin sormena garatzeko”. Diagnostiko horretatik abiatuta, Ttipi Studio kooperatibako lantaldeak programa bat diseinatu zuen, non espazio fisikoa erabiltzen baita balore inklusiboagoak lantzeko.

Elkartoki

Artista eta sortzaileek ere parte hartu dute Elkartoki proiektuan, hainbat tailer egin baitituzte neska-mutilekin. Diseinu kolektiboko prozesu bat egin zuten, sortutako ideiak gainerako hezkuntza komunitatearekin partekatzeko eta, prozesu horren ondoren, ikasleek eurek eraiki dituzte patioko instalazio berriak: muralak, material birziklatuarekin eginiko altzariak, e.a. Ikasleek eserleku finko eta mugikorrak egin dituzte patioari erabilera desberdinak emateko, koloretako zirkuluz margotu dute zorua, eta mahaiak berrerabili dituzte jolaserako espazio bihurtzeko, orain arte erabiltzen ez zen kale txiki bat aprobetxatuz.

Elkartoki proiektuaren bigarren edizioa da hau. Elkartokik Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzen du Sorkuntza Fabrikak programaren bitartez. Orain, Ttipi Studio kooperatibako lantaldeak prestakuntza eta laguntza prozesu bihurtu nahi du ekimena, eskolek beren kabuz garatu dezaten programa. Ane Abarrategik azaldu bezala, “eskolak paper aktiboagoa izan behar du, proiektuak zentzua izan dezan”, “Ttipi kooperatibak aholkularitza eskainiko du, tailerrak irakasleek diseinatu eta inplementatu ditzaten, eta ikasgeletan ere balore horiek lantzen jarrai dezaten”.

Udazkenean egingo dute lehen deialdia bi ikastetxe aukeratzeko, eta, ondoren, artistentzako egoitza deialdi bat ere egingo dute, eskolekin batera lan egin dezaten jolas-tokiak eraldatzeko prozesuetan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow