Hiri kolektibo adimenduna eraikitzen Santutxun

15 June, 2017

 

BilbaoCommons proiektua Santutxura iritsiko da irailean.

Inteligencias Colectivas-ek, Azkuna Zentroko kolektibo egoiliarrak, BilbaoCommons ekimena dauka martxan; ekintza-ikerketa proiektu bat da, helburutzat duena kulturaren, hiritarren eta espazio publikoaren arteko harreman mota desberdinekin esperimentatzea. 2016an aldi baterako instalazio bat eraiki zen kolektiboki, orain Bilboko Santutxu auzoan kokatuko dena hilabetez, bertako biztanleek proposatutako kultu jarduerak ostatatzeko.

Proiektua sortu zen Azkuna Zentroak harreman berriak sortu nahi zituelako hiritarrekin, horrela zentroa bere hormetatik harago eramateko. Ideia horretatik abiatuta, BilbaoCommons ekimena laborategi bihurtu zen kultur arloko programazio-mota berriak probatzeko, horren barruan sartzen direlarik espazio publikoaren erabilpenarekin edo eraikuntza kolektiboarekin esperimentatzeko proiektuak.

2016an jarri zen martxan ekimena, Bilboko “adimen kolektiboak” (elkarteak, kolektiboak, ekimen auto-antolatuak eta hiritarrek sortutako konponbide urbanoak) identifikatzeko prozesu batekin. Hortik abiatuta, eraikuntza tailer parte-hartzaile bat antolatu zen eta kultur jarduerak ostatatzeko moduko azpiegitura bat eraiki zen. Aldi baterako espazio hori Azkuna Zentroko atrioan kokatuta egon da, hala erakusketa moduan ikusgai jarri da detektatutako adimenekin osatutako mapa bat, eta orobat eskaini da inguruko kultur ekimenekin batera diseinatutako kultur programazio bat.

Proiektuak kultur zentrotik harago zabaldu nahi duenez, aurrerantzean azpiegitura Santutxun kokatuko da, auzoko ekimenak ostatatzeko. “Iaz eraikitako prototipoa harremanetarako toki bat da, AZren eta hiriaren arteko loturak egiteko” azaldu du “Inteligencias Colectivas” kolektiboko kideak “erakusketak eta kultur jarduerak egiteko toki bat da, baina hiri ekintzak ere barne hartzen ditu, gune egokia baita espazio publikoa nola erabiltzen dugun hausnartzeko”.

Datorren ekainaren 20an Santutxuko Udal Zentroan aurkeztuko da proiektua, eta ekitaldi irekia izango da proiektuan parte hartu nahi duten auzoko kolektibo eta kultur antolakunde guztientzat. Asmoa da kolektiboki prestatzea irailaren 18tik urriaren 16ra bitarteko programazioa, hau da, instalazioa Santutxun dagoen bitartean eskainiko dena. “Hiri kolektibo adimenduna diogu, probatzen ari garen hau espazio hibridoa delako, auzoko bertako proiektuei ikusgarritasuna emateko balio duena” azaldu du Elisa de los Reyesek, “simulakro moduko bat izango da, ikusteko nolako hiria nahi dugun dagoeneko inguruan martxan dauden ekimenetatik abiatuta”.

Hiriko beste gune batzuetako kultur ekimen auto-antolatuek ere parte har dezakete proiektuan, eta laguntza teknikoa edo ekonomikoa behar dutenek zabalik dute izena emateko epea uztailaren 23ra arte. Gainerako jarduerentzat deialdia zabalik egongo da irailera arte.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow