Bost bizikleta-ibilbide Europako aniztasuna esploratzeko

6 September, 2016

Biziz proiektua 19 herrialdetan barrena ibiliko da, DSS2016 ekimeneko Bizitzaren Faroa proiektuaren barruan.

 

Ekainaren erdi aldetik, pedal kolpeka dabiltza bost bidaiari. Europako hiri eta herrietan barrenako ibilbide bat egiten ari dira, Europako kultura-, gizarte-, nortasun- eta ingurumen-aniztasuna jasotzeko. Ibilbide bakoitza gai batean zentratzen da: arkitektura, bio-aniztasuna, komunitateak, gastronomia eta sexualitatea.

 

Ibilbideak gai horiekin lotutako hirietatik igarotzen dira, eta bidaiariek bitakora koaderno batean jasotzen dituzte beren esperientziak, Biziz web orrian. Adibidez, Arkitektura ibilbidea Kanaria Handiko Las Palmas hiritik abiatu zen, eta hiritarren hainbat ekimen bisitatu ditu, zeintzuek hirigintza baliatzen baitute gizartea kohesionatzeko tresna gisa. Hona hemen adibide batzuk: Las Palmasko La Chimenea baratze auto-kudeatua; Disponible en Córdoba, eraikin publiko abandonatuen errolda; edo Los Madriles, auzoko proiektuen atlasa.

 

Bio-aniztasunaren ibilbideak planeta zaintzea helburu duten ekimenak jaso ditu Danimarkan, Alemanian, Herbehereetan eta Frantzian. Komunitateen ibilbideak Europako kultur aniztasuna jasotzen du tradizioen, artista gorakorren, hizkuntza minorizatuen eta estereotipoak hausten dituzten errealitateen bitartez. Sexualitate ibilbideak oso ikuspegi desberdinetatik lantzen du bere gaia: artea, giza eskubideak, hirugarren adina, eta abar. Gastronomia ibilbideak, azkenik, Europa hegoaldeko osagai garrantzitsuenak jaso ditu, horiekin guztiekin menu bat egiteko. Oraingoz, pipermina, mozzarella, oliba olioa eta muskuiluak aukeratu dituzte, besteak beste.

 

Mugikortasun Iraunkorraren Astea

 

Ibilbide guztiak irailaren 18an amaituko dira Donostian, Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearekin batera. Aurten irailaren 16tik 22ra izango da, eta, aurreko edizioetan bezala, Euskadiko hainbat udalerritan ospatuko da, non adin guztietarako proposamen ludiko eta hezitzaileak, hitzaldiak eta kirol jarduerak antolatuko baitira. Horrez gain, Autorik gabeko Eguna ere egingo da irailaren 22an.

 

Mugikortasun Astearen 2016ko edizioak “Smart Mobility, Strong Economy” hartu du lelotzat, ikusarazteko garraio iraunkorra ezinbesteko inbertsioa dela Europa indartsuago bat sustatzeko, ez soilik ekologia eta gizarte arloetan, baita ere plano ekonomikoan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow