CIDEU sareak hirien etorkizuneko erronkak izango ditu eztabaidagai Donostian

9 March, 2016

XXI. mendearen hasieratik, munduko biztanleriaren erdia hirietan bizi da, eta zifra hori %70etik gorakoa da Europako metropolien kasuan. Etorkizuna hirietan dago; hirietan daude gune ekonomikoak, sorkuntza- eta berrikuntza-guneak, eta baita ere erronka global handienak: baliabideen erabilera, gizarteratzea, enplegua, biztanleriaren zahartzea…

CIDEU hiri-sareak 22. kongresua antolatuko du martxoaren 16tik 18ra, Donostian. Kongresu horretan eztabaidagai izango dituzte hirien egungo eta etorkizuneko arazoak, eta sarekide diren hirietan martxan dauden esperientzia errealak ere partekatuko dituzte.

Topaketaren egitarauak lau erronka handi izango ditu ardatz. Gizarte Kohesionatua da lehena. Ardatz horren helburua da hiritarrak erdian kokatuko dituzten eredu orekatuak bilatzea. Ikuspegi hori aplikatzeak berekin dakar hainbat arazori aurre egin behar izatea, hala nola, gizarteratzea, migrazio prozesuak eta zahartzea. The Young Foundation erakundeko Hiri eta Eskualdeetarako Berrikuntza zuzendari Gorka Espiauk hitzaldi bat emango du.

Ingurumena eta Klima Aldaketa da bigarren ardatza, eta, kasu honetan, eztabaidagai izango dituzte planetarekin sostengarriagoa den etorkizunerantz aurrera egiteko giltzarriak: energia burujabetza, elikadura subiranotasuna, baliabideen kudeaketa… Hizlari jardungo dira, besteak beste, Blaz Golob, GFS Institute erakundeko zuzendaria eta Borja Belandia, Gasteizko alkateordea. Hirugarren ardatza Hirien Garapen Ekonomikoa da, eta hiriek talentua eta enpresa-jarduera erakartzeko duten gaitasuna. Hauek izango dira hizlari nagusiak: David Sánchez, MIK Ikerketa Zentroko zuzendaria, eta Prospektiker enpresako Ibon Zugasti.

Laugarren ardatza Neogobernantzari buruzkoa da. Neogobernantza esatean ulertu behar dugu komunikazio teknologiek sustatuko dituzten hiritarren eta gobernuen arteko harreman-eredu berriak. Joera horren barruan sartzen dira, besteak beste, kudeaketaren gardentasuna, gobernu irekia eta gizarte eragileen parte-hartze horizontala erabakiak hartzeko prozesuetan. Ardatz honetako hizlari nagusia Sirkka Heinonen izango da, Finland Futures Research Centre zentrokoa.

Topaketak iraungo duen hiru egunetan zehar, tailerrak eta proiektu estrategikoen aurkezpenak egingo dira lau esparruetako bakoitzean. CIDEU (Centro Iberoamericano de Desarrollo Estratégico Urbano) mundu osoko ehun hirik baino gehiagok osatutako elkarte bat da, eta sarekide dira, besteak beste, Donostia, Gasteiz eta Irun.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow