Capacity4dev plataforma, lankidetzako agenteentzako topagunea

13 January, 2016

Capacity4dev plataforma Europako Batzordeak bultzatutako ekimen bat da, eta bere helburua da ezagutzak, esperientziak eta ideiak partekatzea lankidetzaren eta nazioarteko garapenaren inguruan. 2009an sortu zen espazioa, eta hasieran, Nazioarteko Lankidetza eta Garapenerako Zuzendaritza Nagusiko (DEVCO) langileek informazioa trukatzeko gune bat zen, baina denborarekin eragile gehiago ere sartu dira.

Gaur egun, Europako eta Estatuko garapen agentzietako profesionalez gain, plataforman parte hartzen dute GKEetako kideek, akademiak, sektore pribatuak eta gizarte zibilak. Funtsean,  Capacity4dev lankidetzarekin eta garapenarekin lotutako eremuetan lan egiten duen edonorentzako espazio bihurtu da, eta topagune bat da beste eremu eta lurralde batzuetako profesionalekin ezagutzak partekatzeko.

Espazioak 18.000 partaide baino gehiago ditu, talde tematiko publiko eta pribatuetan banatuta. Parte-hartzaileek ideiak eta beren esperientzietatik eratorritako ezagutzak partekatzen dituzte talde horietan, baina eztabaidarako edo ekimen berriak abiarazteko ere baliatzen dituzte. Gainera, Capacity4dev atarian astero argitaratzen dira artikulu eta eduki garrantzitsuak, bideo elkarrizketak, Europako politika berriei buruzko informazioa, kasu arrakastatsuak eta askotariko tresnak. Espazioaren inguruan garatzen den jardueraren adibide bezala, esan liteke Capacity4dev espazioan 21.000 dokumentutik gora eta 6.500 artikulu inguru partekatu direla gaur arte.

Plataforma hori DEVCOk kudeatzen du, eta bere erronka garrantzitsuenak dira Europan lankidetzaren eta garapenaren inguruan sortzen den informazioa biltzea, elkarrengandik ikastea, eta praktika komunitateak sortzea, esparru horretan lan egiten duten eragileen ezagutza beren ingurune hurbiletik atera dadin. Eztabaida batean sartzeko nahikoa da plataforman izena ematea, eta zabalik dauden 380 talde eta 54 proiektuetako batean parte hartzen hastea.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow