“Lantalde on batekin edozer egin daiteke”

24 azaroa, 2017
Enrique Arrillaga, LUFEko sortzailea.

Altzariak fabrikatzen dituen LUFE euskal enpresa (kostu baxuko diseinuko altzariak diseinatzen eta fabrikatzen ditu Azpeitian) benetako masa-fenomeno bihurtu da hainbat krisi gainditu ondoren.

 

Honako hau ETE berezi baten istorioa da. Amildegi beltzera erori ondoren berriro zutitzen jakin duen enpresa baten istorioa, Azpeitira garamatzana, altzarien sektorera. Eibarko ingeniari mekaniko bat da Made in Basque Country irratsaioko gaurko gonbidatua, porrotaren atzaparrek utzitako zauriz markatua, baina inoiz  bururatu ez zitzaiona amore ematea; bizi zitekeen inoren kontura lan eginez, baina erabaki zuen ordura arte garatu gabe zeuzkan ideiak bultzatzea. Adibidez, praka-pare bat baino merkeagoak diren kostu baxuko diseinuko oheak fabrikatzea. Eta horrelaxe sortu zen LUFE, altzarien munduko Euskal Ikea. Enrique Arrillagak bultzatutako enpresa-mirari honek plantilla bikoiztu du hiru hilabetean, eskaera kopuru itogarria jasotzen du egunero, eta aurreikusi du aurten 3-4 milioi euroko fakturazioa izango duela, iazkoa halako hiru.

 

 

Aurtengo martxoan “Euskal Ikea” deitu zizuen kazetari batek, eta horrek bizitza aldatu dizue…

Hala da. Horrelaxe gertatu zen. El País egunkariko elkarrizketa hura biralizatu egin zen, eta dena zortzikoiztu zitzaigun.

 

Konparaketa egokia da, erraldoi suediarra zuen lehiakide delako eta bere arma berbera erabiltzen duzuelako lehia horretan: prezioa.

Altzarien merkatu berean gaude biok, eta bakoitzak bere armak ditu; gurea da bertako fabrikatzaileak garela, bertako lehengaia erabiltzen dugula, eta horri esker apur bat gehiago estutu ditzakegula marjinak. Baina fabrikazioa hemen egiten da, horregatik dira lehiakorrak fabrikako prezioak.

 

Ikeak 50.000 hornitzaile global ditu, horietatik 2.000 Espainiakoak. Zer gertatuko litzateke deituko balizuete?

Bezeroei eskaintzen diegun prezio bera emango genieke. Gure negozioa definitzen duen ezaugarrietako bat da kopuru handiak fabrikatzea amaierako bezeroari ahalik eta preziorik onena eskaintzeko.

 

Nork esango zuen Fagor Electrodomésticos enpresaren produktuak ontziratzeko egin zenituzten listoi haiek, enpresa hura ordainketa-etenduran sartu zenean “irentsi” behar izan zenituztenak, izango zirela gaur daukazuen enpresaren abiapuntua…

Egia da, baina horixe da, hain zuzen, urteotan ikasi dugun lezio ugarietako bat, alegia, inoiz ez dagoela jakiterik nondik aterako diren gauzak. Ideia bitxia izan zen, baina azkenean enpresa bilakatu da.

 

Badirudi ohituta zaudela enpresa krisialdietara. Zer erakutsi dizu porrotak?

Eginahalak egin arren ez dut ondorio bakar bat atera, baina zerbait azpimarratu beharko banu, esango nuke egiten duzunarekin disfrutatu beharra dagoela. Ahalik eta gehien gozatu lan eta proiektu guztiekin. Horrek izan behar du lehentasuna, eta lehentasun hori gidari hartuz bidearen bukaerara iritsiko zara, edonora dela ere, baina seguru emaitza ona izango dela. Bidean gozatzea, horixe da garrantzitsuena…

 

Bitxikeria bat: nondik dator LUFE?

Hainbat hitzen siglak dira: Lokala, bertako zura erabiltzen dugulako; Unibertsala, mundu osora zuzenduta dagoelako; Funtzionala, gure diseinu guztiek funtzio argi eta zehatza dutelako; eta Ekologikoa, zur zertifikatua erabiltzen dugulako, eta ingurumena asko zaintzen dugulako.

 

Azpeitian dituzuen instalazioak txiki geratzen hasi zaizkizue?

Hala da, bai. Txiki geratzen hasi zaizkigu, azkarregi hazi behar izan dugulako oso denbora gutxian. Baina ez ditugu gure baloreak ahaztu nahi, hazi behar dugun punturaino haziko gara, baina gure DNAa galdu gabe.

 

Diotenez, ez duzu lo askorik egiten, goizeko seietan hasten duzu lanaldia, eta ez duzu inoiz bukatzen arratsaldeko zazpiak baino lehen, asteburuak eta jaiegunak barne. Zerk kentzen dizu loa?

Ezerk ez dit loa kentzen, proiektua oso argia delako. Ez dakit non egongo garen urtebete barru edo noraino iritsiko garen, baina ez zait axola. Kontua da egiten dudanarekin gozatzen jarraitzea eta, beraz, zaila da ezerk loa kentzea.

 

Abantaila bat duzue gainerakoen aldean: aldez aurretik ezagutzen zenuten gero porrot egin  zuen arrakastaren formula. Pentsatzen dut orain zuhurtasunez begiratuko diozuela etorkizunari…

Egia da. Lanean ari gara proiektu honetan sinesten duten pertsonez osatutako taldea osatzeko, pertsonak eurak direlako garrantzitsuena. Abiapuntu horretatik, eta eskuartean dugun proiektua denei helarazi ondoren, ez dakit zer egingo dugun hemendik aurrera, baina lantalde ona izan ezkero edozer egin daiteke. Horixe da gure lehentasuna.

 

Bukatzeko. Zein da LUFEren zorroko produktu izarra?

30 euroko ohea, mundu osoan ezagun egin gaituena. Horrez gain, ohatze eta ohe konpaktu asko saltzen ditugu. Ongi funtzionatzen duten diseinuak dira, Euskal Herriko zura egokia delako, eta horrek abantaila ematen digu.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow