Bizkaiko 10 enpresatik 6k berritu egin zuten 2017an

4 uztaila, 2018

 

Norabidea txostenak dio emendatu egin dela epe luzeko berrikuntza-prozesuen kopurua

Bizkaiko konpainien %60k berrikuntza-jardueraren bat egin dute 2017an, eta %70 inguruk horrelako ekimenak sustatu dituzte azken 4 urteotan. Horra Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Merkataritza Ganberak eginiko azken Norabidea txostenaren datuak. Azterlanak dio berrikuntza-prozesuek goranzko joera ageri dutela Bizkaiko enpresetan, bai ekintza puntualetan eta bai denboran gehiago irauten duten prozesuetan, izan ere, 2017an enpresen ia %40k berrikuntza-proiektuak egin zituzten modu jarraituan.

 

Azken Norabidea txostenak lehen aldiz jaso du Bizkaiko Berrikuntzaren Indizea, zeinak erakusten baitu enpresen %37k berrikuntza maila altua edo oso altua dutela eta %19k, berriz, maila ertaina. Hauxe da Bizkaian berritzen duten enpresen profila: 50 langiletik gorako konpainiak dira, I+G+Bn doharduten langileak dituztenak eta beste batzuekin lankidetzan aritzeko joera dutenak. Gehienek laguntza publikoak jaso dituzte berrikuntza-jarduerak gauzatzeko.

 

Neurri handi batean, prozesu horien emaitza positiboa da, enpresa berritzaileen %60k esan baitute dezente edo guztiz bete dituztela beren helburuak. Badira hobetu beharreko hainbat arlo, esaterako, kalitatea hobetzea, fakturazioa handitzea eta bezeroen premiei arinago erantzutea. Gainera, konpainien %72k enplegua sortu dute inplementatutako berrikuntzei esker.

 

Gauzatutako berrikuntza-motei erreparatuz gero, esan liteke %24 produkzio arloko prozesuak hobetzeko proiektuak izan direla, %22 produkzio arloko teknologia berriei dagozkienak eta %20 produktu berriak sortzeko proiektuak. Bestalde, hauek izan dira martxan jarritako berrikuntza ez-teknologiko garrantzitsuenak: kudeaketako praktika berriak, beste enpresa batzuekiko lankidetza jarduerak eta komunikazio arloko ekimenak.

 

Azkenik, berritzeko oztopoak ere aipatzen ditu azterlanak. Datuek diotenez, enpresen %40k ez du inolako berrikuntza-jarduerarik egin 2017an. Arduradunen arabera, ez dute halakorik egin batik bat hiru arrazoi hauengatik: ez zaielako beharrezkoa iruditzen, ez dagoelako ondasun eta zerbitzu berritzaileen eskaerarik edo kostu handia dakarrelako enpresarentzat.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow