Bizkaiak berrikuntza sozialeko gune bihurtu nahi du

26 May, 2016

Datorren maiatzaren 31n Berrikuntza Sozialaren Bigarren Jardunaldia egingo da Bilbon.

Euskadiko eta nazioarteko ekimenek parte hartuko dute Bizkaia, Berrikuntza Sozialaren gunea topaketan, zeinaren helburua baita ezagutzera ematea zein tresna eskaintzen dituen Bizkaiko Foru Aldundiak berrikuntza sozialarekin lotutako proiektu eta enpresa berriak bultzatzeko.

Goizean zehar Ekintzailetza eta Berrikuntza Sozialeko Programa aurkeztuko da, une honetan deialdia irekirik duena, eta baita ere Ekintzailetza eta Berrikuntza Sozialeko Funtsa. Jardunaldian zehar, programa horien erabiltzaileen esperientziak azalduko dira eta nazioarteko erreferente baten berri emango da: Kanadako Social Innovation Generation proiektua.

Esperientzien mahaian Euskadiko hiru ekimen egongo dira. Zubietxe Elkartea izango da lehenengoa, laguntza programen bitartez bazterkeria arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko lan egiten duen erakundea. Zubietxe elkartearen azken proiektuetako bat LIBU da, Bilboko Alde Zaharrean kokatutako liburu-denda sozial bat, non bigarren eskuko liburuak saltzen diren, baliabide gutxiko pertsonei lan aukerak eskaintzeko. Irrintzi Soluciones Adaptadas enpresak ere parte hartuko du eztabaidan. Enpresa horrek motorrezko ibilgailuak egokitzen ditu ezgaitasunak dituzten pertsonentzat, eta auto-eskola bat eta aholkularitza zerbitzuak ere eskaintzen ditu. Hirugarren esperientzia Osasuna Mugimendua Kontrola da; jarduera fisikoan eta osasunean espezializatutako teknikariek bultzatu duten proiektu bat da eta jarduera espezifikoak diseinatzen ditu, besteak beste, pertsona nagusientzat edota gaixotasun kronikoak dituztenentzat.

Azkenik, Tim Draimin-ek, Social Innovation Generation Canada erakundeko zuzendariak, parte hartuko du jardunaldian. Erakunde horrek beste erakunde publiko eta pribatu batzuekin batera lan egiten du berrikuntza soziala bultzatzeko esparru guztietan, baita ere ekonomian eta politikan. Bere xedea da irtenbideak aurkitzea arazo sozialentzat eta herritarren bizi-kalitatea hobetzea. SIGeneration erakundeak bultzatzen dituen ekimenen artean aipatzekoak dira: MaRS Solutions Lab, berrikuntza sozialeko laborategi publikoa, non enpresek, administrazio publikoak, GKEek eta herritarren kolektiboek lan egiten duten; eta MaRS Centre for Impact Investing, ekimen sozialentzako finantzaketa eta inbertsio-formula berriak bultzatzen dituen proiektua.

Ekitaldia UPV/EHUko Bizkaia Aretoan egingo da, eta izen-ematea doakoa da. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu du, Gizarte Ekintza Sailaren eta Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailaren bitartez.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow