Bizitza berri bat aeronautikako hondakinentzat

21 September, 2017
Ikerketak 212.020 euroko finantzaketa izan du

Maier enpresak eta Gaiker-IK4 zentro teknologikoak birziklatutako karbono-zuntzez egindako produktu berriak garatzeko proiektu bat amaitu dute

 

Karbono-zuntza erresistentzia mekaniko handiko material malgu eta iraunkorra da, aeronautikan barra-barra erabili ohi dena. Hondakindegietan bildu ohi diren karbono-zuntzez indartutako material konposatuen soberakinen hazkundeak eraginda, ingurumen eta ekonomia arloko arazo honi aurre egiteko konponbidea bilatzea erabaki zen.

 

Testuinguru honetan, Maier automobilgintzako enpresa bizkaitarrak eta Gaiker-IK4 euskal zentro teknologikoak C-Recycling ekoberrikuntza proiektua osatu dute aurten bertan. Bi eragileek lankidetzan jardun dute, hondakinetan bildutako karbono-zuntza berreskuratu eta automobilgintza sektoreko ekoizpen-prozesuen garapenean txertatzeko asmoz.

 

Ikerketak 212.020 euroko finantzaketa izan du, eta 2016an abiatutako proiektu honen hasieran zehaztutako helburu guztiak bete ditu. Alde batetik, goi-mailako prestazio mekanikoak dituzten osagai arinak eta estetika berriak dituzten piezak garatu dira karbono-zuntzaren birziklapenetik abiatuta, ibilgailu arinagoak eta berrerabilgarriagoak ekoizteko asmoz.

 

Era berean, proiektuak argi utzi du, Euskadin karbonozko konposatuen tratamendu, biziklapen eta konponketarako instalazio bat abian jartzea bideragarria dela ikuspuntu teknikotik zein ekonomikotik. Gaiker-IK4 zentroak ohar baten bidez jakinarazi duenez, azpiegitura honek, lanpostu berriak sortzeaz gain, onura handia ekarriko dio era horretako materialen transformazioko industriari.

 

C-Recycling proiektua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Ihobe sozietate publikoaren bitartez onartu dituen zazpi proiektuetako bat da, eta 2016an ekoberrikuntza proiektuei emandako dirulaguntzei atxikita garatu da.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow