Bizi-kalitatea hobetzeko elikagai berritzaileak

15 November, 2017

 

Alivida proiektuak produktu-ildo berri bat diseinatu du, batik bat pertsona nagusiei zuzendua.

 

Pertsonak zahartu ahala, beren elikadura beharrak aldatu egiten dira. Prestatzeko errazak diren produktuak behar dituzte, tamaina txikiagoetan eskuratu daitezkeenak, pertsona bakarreko familientzat pentsatuak eta, gainera, jateko testura erraza dutenak. Alabaina, dendetan eta supermerkatuetan ez dago premia horietara egokitutako produkturik, eta pertsona nagusiek sarritan balio nutrizional baxuko jakiak erosten dituzte.

 

“Etxeko arretarako zerbitzuan gero eta maizago ikusten dugu pertsona nagusiek prestatzeko errazak diren jakiak nahi dituztela, hau da, beren premietara egokitzen direnak. Dendetan ordea, ez dago halako aukerarik”, azaldu du Inma Uzkudunek, Alivida proiektuko koordinatzaileak, “beraz, janari azkarra aukeratzen dute, eta horrek desnutrizio egoerak sortzen ditu, elikadurarekin lotutako hainbat gaixotasun garatzeraino batzuetan”.

 

Alivida proiektuaren helburua da erabiltzaile profil horren beharrei erantzuteko elikagaiak sortzea, “pertsona nagusiei oinarrizko nutrienteak emateko balioko duten formatu eta testurekin, horrela malnutrizioa saihesteko eta elikadurarekiko interesa berpizteko” adierazi du Uzkudunek. Home Care Lab-ek, Servicios Sociales Integrados Taldeko I+G+B unitateak, zuzentzen du proiektu hori, Tecnalia eta Leartiker bazkide teknologikoekin eta elikadura arloko Bizkarra, Harakai eta Ecosalud enpresekin batera.

 

SSI taldeak pertsona nagusientzako txosten nutrizional espezifiko bat egin du, eta hortik abiatuta aukeratu dira hiru elikagai mota berritzaile diseinatzeko erabiliko diren oinarrizko osagaiak. Lehen elikagai mota ogi-ore multzo bat da, eguneroko otordu desberdinetarako pentsatuta dagoena: zuntz askoko opil bat gosaltzeko, eta D bitamina eta kaltziodun ogitxo harro bat bazkaltzeko eta afaltzeko. Okelazko produktu bat ere garatu da, baina erraz murtxikatu eta irensteko moduko testura duena eta gantz-azidoz aberastua, eta baita ere tofuzko hanburgesa bat, zekalez eta lekalez aberastua.

 

Une honetan, produktuen lehen prototipoak garatzen ari dira, lehen fasean Alivida partzuergoaren barruan probatuko direnak. Lortutako emaitzen arabera, elikagaiak hobetzen jarraituko dute, eta 2018an dastaketa espezifikoak egingo dituzte pertsona nagusiekin beren etxeetan. Proiektuaren amaierako helburua da produktuak merkaturatzea, ekimenean parte hartzen duten hiru elikadura enpresen eskutik. Alivida ekimena 2016an sortu zen Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin –Hazitek programaren bitartez- eta 2018ko azken hiruhilekoan amaituko da.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow