Gazteek asmatutako etorkizuneko Bilborocka

19 May, 2016

Bilboko Udalak prozesu parte-hartzaile bat abiarazi du ekipamenduaren erabilpenerako proposamenak biltzeko.

Gazteak Bilbo Zaharrean kokatutako Bilborock espazioaren etorkizunean inplikatzeko asmoz, Bilboko Udaleko Gazteria Sailak bultzaturiko BilborockLab proiektua garatu da 2015aren amaiera eta 2016aren hasiera bitartean. Prozesu parte-hartzailea izan da, zeinaren bidez posible izan baita gazteen iritziak entzutea, eta baita ere kontuan hartzea ekipamenduari etorkizunean eman dakizkiokeen erabilpen proposamenak.

Korapilatzen eta Komunikatik kolektiboek diseinatu eta dinamizatu dute proiektua, elkarrekin konbinatuz parte-hartze presentziala eta digitala, proiektuan inplikatuz auzoko gizarte nahiz kultur eragileak eta sare sozialak erabiliz gazteak erakartzeko eta beren ideiak biltzeko. “Guretzat garrantzitsua da geruza digitalaren eta analogikoaren arteko etengabeko elkarrizketa sustatzea” azaldu du Korapilatzen kolektiboko Asier Gallastegik. Era berean, prozesuan garrantzia eman zaio entzuteari; “ez diegu gazteei galdetu zer egingo luketen, aitzitik entzun egin diegu zertan ari diren jakiteko eta Bilborock espazioak zertan eta nola lagundu diezaiekeen ikusteko”.

Gazteen kolektiboekin harremanetan jartzeko, talde txiki bat sortu zen kultura, sorkuntza eta gizarte-ekintzaren arloetako zazpi eragilerekin, besteak beste, ANTespacio kolektiboa, Ahopeko Kontzertuak kontzertu sekretuen ekimena, Sarean, eta Gaymer.es bideojoko komunitatea. Lantalde horrek Udaleko Gazteria Sailarekin eta prozesuko dinamizatzaileekin batera lan egin zuen BilborockLab jardunaldia diseinatzeko.

“Erronka bat aurkeztu genuen, alegia, Bilboko gazte-sarea BilborockLab proiektuan inplikatzea. Zer egin genuen horretarako? Lehenik eta behin, entzumen sistema bat diseinatu genuen hiriko gazteen jarduerak zeintzuk diren jakiteko. Ondoren, proiektuari buruzko informazioa eman genien, beren ekarpenak eskatu genizkien, eta BilborockLab jardunaldian parte hartzera gonbidatu genituen” azaldu du Komunikatik kolektiboko Arantxa Sainz de Murietak bere blogean.

Topaketa horretan, otsailaren 13an egin zena, 60tik gora lagunek parte hartu zuten proposamenak bateratzeko dinamiketan. “Behin eta berriro errepikatu zen Bilborock espazioak gehiago ireki behar duela auzora” azaldu du Asier Gallastegik, “proiektuak asmatzeko eta inguruan gertatzen ari direnak jasotzeko espazioa izan behar duela”.

BilborockLab

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow