Bilbo Zaharrean Espazioak Trukatzeko Sarea sortu da

11 February, 2016

Proposamena zabalik dago auzoan lokalen bat duten elkarte, kolektibo, enpresa eta pertsonentzat, eta asmoa da norberaren baliabideak denen artean partekatzea (espazio fisikoa, tresnak, ezagutzak edota baita ere premiak). Bide horretatik, elkarren arteko trukea sustatuko da. Horrez gain, sarea topagune izango da eragileek elkar ezagutu dezaten; hala, elkarren arteko harremanak ahalbidetuko dira eta lankidetza berriak sortuko dira inguruan lan egiten duten eragileen artean.

Sareak espazio birtual baten bidez funtzionatzen du: web bat eta mapa bat dauzka, eta mapa horretan parte-hartzaile guztiak kokatzen dira. Erakunde bakoitzak fitxa bat du, non ageri den proiektuaren azalpen txiki bat, zer eskaintzen dion sareari eta zer behar duen. Era berean, topaketa presentzialak antolatzen dira, esperientziak partekatzeko eta eragileen arteko konexioak sustatzeko.

Urtarrilaren hasieran abiarazi zen sarea, eta mota guztietako 40 antolakunde eta kolektibo daude jada inskribatuta; denek dute sentipen bera, alegia, auzoko erakundeak direla eta, era berean, denek nahi dute antzeko beste proiektu batzuekin harremantzea. Sarearen barruan daude, besteak beste, coworking espazioak, artisten tailerrak, kultur produkziorako zentroak, GKEak edota auzo-elkarteak: esaterako, La Karpinteria espazio auto-kudeatua, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako Taldeen Koordinakundea, Anti-Liburudenda liburudenda, Harrobia Ikastola edota Sanfran Baratzea.

Ekimena zabalik dago sarean sartu nahi duten eragile guztientzat, eta asmoa da pixkanaka Bilboko auzo guztietara zabaltzea. Proiektuak La Fábricas de Toda la Vida plataformaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza du, Sorkuntza Fabrikak programaren bitartez.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow