Bherria, parte-hartze eredu berriak sustatzen

26 September, 2017

Bherria programa beraizik zuzentzen zaie tokiko administrazioko arduradun politiko eta teknikoei.

 

Bherria proiektua hausnarketa- eta ikaskuntza-prozesu bat da, herritarren parte-hartzerako eta ekintza sozialerako modu berriak sustatu nahi dituena. Ekimen horren xedea da topagune fisikoak eta onlinekoak sortzea jakintza, esperientziak eta eztabaidak partekatzeko, horretarako oinarritzat hartuz abian diren partaidetza eta gizarte berrikuntzako proiektuak.

 

Lehenengo edizio honetan programa beraizik zuzentzen zaie herritarren partaidetzako proiektu bat abian duten -edo abian jartzekotan diren- Euskadiko tokiko administrazioko kargu politiko edo teknikariei. Asmoa da Bherria topaketak baliagarri izan daitezela esperientziak partekatzeko, beste ekimen batzuekin alderatzeko eta ikasitakoa tokiko administrazioaren lan egiteko moduari aplikatzeko.

 

Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak bultzatzen du ekimena Boluntariotzaren Euskal Kontseiluarekin lankidetzan, eta badu baita ere gizarte berrikuntzako profesionalen talde bat ekimena dinamizatzeko. Prozesua hiru ardatzetan egituratzen da. Hiru Agora dira, hots, ikaskuntzarako hiru espazio, onlineko plataforma batean eskainiko direnak, eta horietako bakoitza gai bati buruzkoa izango da.

 

Lehenengoa Autokudeaketan eta Prokomunean oinarritzen da eta Colaboraborako Ricardo Antónek emango du. Antónek hizpide hartuko ditu parte-hartzeko, lankidetzako eta kosorkuntzako modu berrien inguruko eredu alternatiboak. Bigarren ardatza SmartCitizen da, eta Ciudades a Escala Humanako Manu Fernándezek koordinatuko du. Fernándezek herritar adimendunak eta hiri adimendunak kontrajarriko ditu. Hirugarren ardatza Entzute eta Komunikazio Digitalaren Agora da. Komunikatikeko Arantxa Sainz de Murietak eta Asier Amezagak emango dute eta sareko komunikazio-modu berriez eta herritarren jabekuntzaz mintzatuko dira.

 

Bherria programaren barruan beste ekitaldi batzuk ere antolatu dira: aurrez aurreko hiru jardunaldi; hainbat bisita, eredu berri horiei lotutako tokiko esperientziak ezagutzeko; eta partaide bakoitzarentzako mentoring pertsonalizatuko topaketak. Prozesua urritik abendura luzatuko da, eta amaitutakoan, gako garrantzitsuenak biltzen dituen agiri bat prestatuko da, inspiratzailea izan dadin proiektu parte-hartzaileetan lanean diharduten beste pertsona batzuentzat.

 

Hona hemen Bherria dinamizatzen duten gizarte berrikuntzako aditu batzuk: Korapilatzeneko Asier Gallastegi, Airea-elearningeko Itziar Kerexeta eta Ziortza Etxabe gizarte ekintzailea.

 

Bherria

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow