Berrikuntza soziala enplegua bultzatzeko Europan

4 urtarrila, 2018
Txostenaren azala.
Txostena eskuragarri dago Social Innovation Community programaren atarian.

 

Social Innovation Community programak laneratzearen arloko politika europarrak aztertu ditu

Europar Batasunaren erronka handienetako bat da enplegua sortzea, batik bat, egoera kalteberan dauden kolektiboentzat, gazteentzat eta kualifikazio baxuko pertsonentzat. 2020 estrategiaren helburuetako bat da 20 eta 64 urte bitarteko herritarren %75ek lana izan dezatela, eta hori lortzeko, gero eta garrantzitsuagoak dira berrikuntza sozialarekin lotutako ikuspegiak.

 

Horizontea 2020 estrategiaren baitan finantzatutako Social Innovation Community programa europarrak ikerketa bat argitaratu berri du, non enpleguari lotutako berrikuntza sozialeko hainbat proiektu aztertu baititu. Azterlanaren helburua da detektatzea nola babesten dituen Europar Batasunak horrelako ekimenak eta gomendioak ematea beren potentziala ahalik eta gehien aprobetxatzeko.

 

Txostenak bere baitan jasotzen ditu lurralde desberdinetan abiarazitako eta Europako funtsen bidez finantzatutako bost proiektu. Frantziako Garantie Jeunes da horietako bat. Estatu mailako programa bat da, zeinaren helburua baita gizartean integratzea egoera kalteberan dauden gazteak, hots, ikasten ari ez direnak eta lanik egiten ez dutenak. Proiektu hori “lehendabizi enplegua” printzipioan oinarritzen da, hau da, lanpostu bat eskaintzen da hasieratik eta prestakuntzarekin konbinatzen da, egiaztatu baitute alderantzizko ereduak baino emaitza hobeak ematen dituela.

 

HomeLab da aztertutako beste ekimen bat, zeina abian baitago Europa erdialdeko hainbat herrialdetan, alegia, Polonian, Eslovakian, Txekiar Errepublikan eta Hungarian. Programak ikuspegi bateratu batetik lantzen ditu pobrezia eta etxebizitza duinik eta lan arloko aukerarik eza, askotan hertsiki loturik baitaude elkarrekin. Hala, proiektuak elkarrekin uztartzen ditu gizarteratze eta enplegu politikak, premia horiek batzen dituzten zerbitzuak eskainiz eta GKE, administrazio nahiz enpresen parte-hartzearekin. Portugalgo gobernuaren Portugal Social Innovation ekimena ere aipatzen da azterlanean. Kasu honetan, inbertsio- eta finantzaketa-eredu desberdinak eskaintzen dira ekintzailetza soziala sustatzeko.

 

Social Innovation Community programaren azterlanean azpimarratzen denez, Europar Batasunak finantzatutako berrikuntza sozialak ikuspegi berrietan oinarritzen dira eta beste politika sozial batzuekin konektatzen dute enplegua. Sektore anitzen arteko lankidetza bilatzen dute (gizarte zibila, gobernuak, eta baita ere beste eragile batzuk, hala nola, ikerketa zentroak edo akademiak) eta, horrezaz gain, rol tradizionalak aldatzen ari dira onuradunen ordez agente aktiboak sustatzeko. Bestalde, aztertutako kasu gehienek ez dituzte desafiatzen lehendik existitzen diren sistemen oinarriak; egileek diotenez, Europako programen finantzaketa-eskalarekin posible izango litzateke aldaketa disruptiboagoak dakartzaten berrikuntzak bultzatzea.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow