Beatriz Uralde: LYCOLABek Cryptosina liofilizatua sortu du

7 May, 2016

Beatriz Uralde biologo teknikoa (EHU) eta kalitateko teknikaria da. Bere ibilbide profesionalean zehar aukera izan du landareak eta printzipio eta terapia naturalak ezagutzeko, hala nutrizio arlokoak, nola kosmetikoak. Albaitaritzako laborategi klinikoetan eta farmazia kanalean lan egin du laborategien ordezkari komertzial eta produktu prestatzaile gisa. Esperientzia profesional zabala eman dio horrek, eta orain Naturhouse etxean garatzen duen dietista lanean aplikatzen du esperientzia hori. 

Bizitzako gorabeherengatik interesatu zen barraskiloen hazkuntzan, eta granja bat martxan jartzeko aukera soilarekin hasi zena, azkenean animalia hermafrodita horien liofilizazioari buruzko ikerketa proiektu bihurtu zen: LYCOLAB. Baliteke ahalegin horren guztiaren emaitza bezala produkzio instalazio txiki bat sortzea, “cryptosina liofilizatua” laborategi mediko eta kosmetikoei saltzeko.

 

 

 

“Cryptosinaren propietateen” ikerkuntzak ondo ematen du belarrira… “barraskilo mukia” dela jakitean, ordea, “glamourra” galtzen du nolabait…

Egia da bai, ez da hain erakargarria… Hala ere, oso printzipio aktibo interesgarria da kosmetikan erabiltzen diren kremak ekoizteko, dituen osagaiei esker: kolagenoa, hemozianinak (adibidez alatoina), azido glikolikoak (adibidez azido hialuronikoa)… Horiez gain, hazkunde-faktoreak eta antioxidatzaileak ere baditu, hala nola, A eta E bitaminak.

Elementu horiek batuta, produktu natural paregabea lortzen da; balio du azala hidratatzeko, zelulak birsortzeko, zauriak orbaintzeko, zimurrak leuntzeko… Gainera, antibiotiko naturalak ere badauzka, azalean ohikoak diren bakteriei aurre egiten dietenak (besteak beste, E. coli” eta “Staphylococcus spp”).

 

 

 

Bada aipatu duzun hitz bat, produktuari balio erantsi handia ematen diona: “naturala”

Materia guztiz organikoa da, hipoalergenikoa eta garbia, eta garapen sostengarria errespetatzen duten parametroekin garatzen da, izan ere, erauzteko modua garbia da, ez da batere erasokorra ez animaliarentzat, ezta ere ingurunearentzat; erauzketaren ondoren hilkortasun maila ez da aldatzen, beraz, barraskilo senar-emazteek zoriontsu bizitzen jarraituko dute naturalki hiltzen diren arte.

Beste animalia batzuetan, osagaiak erauzteko prozedura inbasiboagoa da edo, are gehiago, erasokorra; adibidez, azido hialuronikoa normalean ugaztunen plazentatik ateratzen da, behienetik, besteak beste.

 

 

Nola sortu zitzaizun animaliatxo “adardun” hauekiko interesa?

Badakizu adar horiek ez direla adarrak benetan: apendize horien muturrean dauzkate begiak, ingurunearen ikuspegi globalagoa ematen dietenak. Nork ez luke nahi munduaren ikuspegi angular hori!

Familiako adiskide batek lursail bat jaso zuen oinordetzan Trebiñon, eta, hark zioenez, han barraskiloak baino ez ziren jaiotzen. Lursailaren neurri topografikoak hartzera joan ginen eta ikusi genuen barraskilo asko zeudela, baina ez nien arreta askorik jarri; Bilbon bizi nintzen orduan, haurdun nengoen, eta hortxe gelditu zen kontua…

Baina, bizitzaren gorabeherengatik, Gasteizera itzuli nintzen. Aldaketa bat behar nuen. Kontu pertsonalak ahaztu beharra neukan, bestela erotu egingo nintzen. Besteak beste, barraskiloak hazteko ideia bururatu zitzaidan. EHUko Agudezia jardunaldien bitartez, harremanetan jarri nintzen a+g agentziarekin, eta orduan hasi zen ideia gorpuzten. Baina ideiek eboluzionatu egiten dute; eta nire prestakuntzako sinergiak kontuan hartuz, proiektua eraldatu eta liofilizazioaren ikerketara eraman dugu.

 

 

 

Ikerketa prozesu horretan SPRIren laguntza jaso zenuen BIC Araba zentroaren bidez

EHUk Araban duen Campuseko INIZIA sarien IV. ediziora aurkeztu genuen proiektua, eta 2. saria eskuratu genuen. Orduan irratian elkarrizketatu gintuzten. David Monterok elkarrizketa entzun eta nirekin harremanetan jarri zen. Berak aipatu zizkidan BICeko (orduan CEIA zen) Ekintzaile bekak. Kontua aztertu genuen, hautaketa batzordera aurkeztu ginen, eta laguntza jaso genuen.

Beka horrekin eta INIZIA sariko diruarekin jarri genuen martxan proiektua. Hortik aurrera, barraskiloak eta liofilizatzaile bat behar genituen; erraza dirudi, baina urtarrilean zaila da barraskiloak lortzea, eta liofilizatzaileak are zailago egin zuen kontua.

Campuseko errektore-orde Javier Garaizarri esker harremanetan jarri ginen Jorge Martinezekin eta Idoia Postigo, fakultateko ikaskide ohi batekin. Farmazia fakultateko immunologia, parasitologia eta mikrobiologia departamenduan zeuden biak, eta han bazeukaten liofilizatzaile bat. Oso garrantzitsua izan zen beren laguntza, eta lerro hauek aprobetxatu nahi ditut eskerrak emateko, bai eurei eta bai bidean lagundu didaten beste hainbat laguni, bihotz oneko eta adimen zabaleko jende paregabearekin egin baitut topo.

Sarri entzuten dugu mundua gaizki dabilela, gauzak ez doazela ondo, jendea ez dela ona… Eta nazkatu samar nago hainbesteko ezkortasunarekin. Ekintzailetzako jardunean jende aparta ezagutu dut, sekulakoa, laguntzeko eta lankidetzarako gaitasun handia duena, nahiz eta askotan ez jakin zertarako… Hori gauza handia da!

Ez dakit noraino iritsiko naizen proiektu honekin, baina, bizi izandakoagatik eta partekatutakoagatik bakarrik bada ere, merezi izan du ahaleginak.

 

 

 

Orduan ezagutu zenuen Jeanette, orain proiektuan lagun duzuna.

Honainoko bidaia luzea izan da, eta pertsona asko izan ditut ondoan. Zati handi bat Begoñarekin egin nuen, baina proiektua utzi behar izan zuen arrazoi pertsonalak zirela medio.

Ondoren, helizikulturaren mundua (barraskilo hazkuntza) ezagutzen ez nuenez, A+G-ko Edurne Madinak harremanetan jarri ninduen Jeannette Hernándezekin, nekazaritza eta basoko ingeniari txiletar batekin. Eta haren laguntzarekin hazi nituen barraskiloak erauzketa fasera arte.

Gauza asko ikasi nituen harekin, eta denetan garrantzitsuena, barraskilo hazkuntzan ez nintzela oso ona. Horregatik, bera arduratzen da hazkuntzaz eta erauzketaz; nik, berriz, liofilizazioaren zati teknikoa egiten dut.

Jasotako bekari esker cryptosina liofilizatuaren prototipoa garatu genuen, eta, emaitzak behar bezala konparatu eta aztertu genituen.

 

 

 

Hotzean erauzteko sistema erabiliz, substantziaren propietateak isolatzen saiatzen zarete, bere ezaugarriak eta onurak galarazi gabe

Saiatuko naiz modu sinple batean azaltzen, “sobreko zopa”ren adibidea erabiliz:

produktu bati ura kentzen zaio, beroa erabili beharrean hotza baliatuz, baina oso presio altuan. Beroak proteinak suntsitzen ditu, hotzak ez; are gehiago, egonkortasuna ematen die.

Saia zaitez marrubi bat labe bero batean sartzen, ikusiko duzu nola aterako den! Aldiz, izozkailuan sartzen baduzu… Hortxe dago aldea.

Proteinak isolatzen ditugu, eta, horrez gain, egonkortu egiten ditugu laginaren beraren barruan. Hala, produktua guztiz organikoa, garbia, ekologikoa eta eraginkorra da.

 

 

 

Ikerketaren emaitzen bidez posible da merkatuan daudenak baino produktu hobeak sortzea

Merkatuan badago barraskilo mukia formatu likidoan, baina arazo bat du: proteinak segituan desegonkortzen dira. Endocare enpresan, ABAD doktoreak egonkortzeko metodo bat asmatu du, baina produktuak hotza behar du oraindik, eta baita argitik babestuko duen ontzi bat ere; gainera, 3 hilabeteko bizitza du batez beste, eta erraz kutsatzen da.

Gure ezagutzari esker gai izango gara hotzik behar ez duen produktu bat merkaturatzeko; produktu bat, egonkorra izango dena (3 urterainoko iraupena), argia jasan dezakeena, eta biologikoki kutsatzen ez dena.

 

 

 

Orduan, ezagutza horri guztiari balioa emateko eta merkatuan aplikatzeko laguntzak bilatu beharko dituzue hurrena

Une honetan galdu xamar nago alderdi horretan. A+G-ko Alfonso Alemánekin nabil lanean, bideragarritasun plana osatzen, eta prototipoa prest dagoenean (aste gutxi barru, espero dugu), ikusiko dugu zein ekintza plan hasten dugun.

Beka ekainean bukatuko zaigu, eta ordurako erabakita izan behar dugu zeintzuk izango diren hurrengo urratsak.

Cryptosina liofilizatuaren prototipoak horretarako aukera ematen badigu, instalazio txiki bat sortu nahi genuke fabrikatzeko eta banatzaileei saltzeko, zeintzuek laborategiei salduko bailizkiekete printzipio aktiboak beren kremak formulatu ditzaten.

 

 

LYCOLABeko kontaktua

Beatriz Uralde Moro

Posta elektronikoa: uraldemorobeatriz@gmail.com

Tel: 605739751

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow