Basque Ecodesign Hub espazioak deialdi berri bat egin du enpresentzat

23 November, 2017
Logotipo de Basque Ecodesign Hub.

 

Hub-eko ikasleek eko-diseinuko proiektuak bultzatuko dituzte aukeratutako konpainientzat.

 

Basque Ecodesign Hub espazioa IHOBE Sozietate Publikoak eta Novia Salcedo Fundazioak elkarrekin bultzatutako ekimen bat da, eta helburutzat dauka eko-berrikuntzari buruzko prestakuntza ematea ikasleei, profesionalei eta enpresei. Hub horren jarduera-ardatzetako bat da proiektuak garatzea enpresekin batera, eta deialdi bat plazaratu du 2018rako.

 

Prozesu hori garatzeko, ordaindutako praktikak egiten dira enpresetan. Bi hilabeteko prestakuntza-programan zehar, ikasleek eko-diseinuari buruzko ezagutza espezifikoak jasotzen dituzte: ingurumen legeria, analisirako metodologiak eta diseinu ekologikoko prozesuak, besteak beste. Praktikak bukatzean, proiektu bat hasten dute prozesuan parte hartu duten enpresan bertan, ingurumen-berrikuntzaren sektoreko adituen laguntzarekin. Proiektua garatzeko epea malgua da, 6 hilabetetik urtebeterainokoa izan baitaiteke, eta proiektuak ere mota askotakoak izan daitezke, esaterako, produktu baten bizi-zikloaren analisia, produktu baten Ingurumen Aitorpena lortzea edota eko-diseinuko sistema bat ezartzea. Interesatutako enpresek abenduaren 21era arteko epea dute eskaera bidaltzeko.

 

UPV/EHUko Ingeniaritzako Goi-Eskola Teknikoak, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak eta Mondragon Unibertsitateak parte hartzen dute Basque Ecodesign Hub espazioan, eta Hubaren asmoa da eko-diseinuko prestakuntza-jardueraren gune nagusi bihurtzea Euskadin. Helburua hori izanik, hainbat jarduera garatzen ditu arlo desberdinetan: prestakuntza ematea ikasleei eta langabetuei, proiektu teknikoak garatzea enpresekin batera, gaikuntza ematea konpainia industrialei, doktoretzako programen bitartez ikertzea eta prototipoak egitea, eta ekintzaileei laguntzea Novia Salcedo Fundazioaren haztegitik.

 

Basque Ecodesign Hub espazioa Basque Ecodesign Center ekimen publiko-pribatuaren barruan sortu zen. Basque Ecodesign Center 2011n eratu zen Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko enpresa garrantzitsuenetako batzuen arteko lankidetzaren bidez, eta helburutzat du eko-diseinua sustatzea etorkizuneko apustu gisa.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow