B-Venture: Bilbon egingo da startUP-ak finantzatzeko Ipar zonako ekitaldi handiena

14 June, 2016

Dagoeneko abian da finantzaketa behar duten proiektu berritzaileak azkartzeko B-Venture ekimena. Inbertitzaileak behar dituzten ideia eta “startup” guztiek ekitaldiko web orrian eman dezakete izena, datorren ekainaren 30era arte.

Topaketaren helburuetako bat da sektore teknologikoa ekonomikoki dinamizatzea, enpresa-sare berritzailea bultzatuz. Era berean, topagune izan nahi du ekintzaileen eta ekintzaile horiei finantzaketa eskain diezaieketen inbertitzaile pribatu nahiz erakunde publikoen artean. Horrez gain, xedetzat du baita ere sinergiak eta aukerak sortzea enpresentzat.

Hona hemen, B-Venture ekitaldiaren giltzarriak:

1.- Prestakuntza eta proiektuen azkartze programa bat.

2.- Proiektu horiek inbertitzaileei aurkezteko ekitaldi bat.

3.- Hitzaldi, tailer, networking eta B2B saioz osatutako egitaraua.

 

B-Venture bi motatako enpresei zuzentzen zaie: batetik, garapenaren etapa goiztiarrean daudenei (“Early Stage”), eta, bestetik, zabaltzeko eta hazteko fasean daudenei (“Growth”). Orobat enpresa bat muntatu nahi duten ekintzaileei, hots, ideia bat martxan jarri nahi eta horretarako sinergia, laguntza edo informazio bila dabiltzanei. Kongresuak iraungo duen bi egunetan bertatik bertara ezagutuko dute zein programak babestu eta bultzatzen duten ekintzailetza sektore desberdinetan.

 

PRESTAKUNTZA

B-Venture ekitaldiak gaikuntza programa bat eskaintzen die aukeratutako “Early Stage” proiektuei.

 

FINANTZAKETA

Aukeratutako proiektuak inbertitzaileei aurkeztuko zaizkie “One to One” saioetan eta proiektu bakoitzari buruzko txostena entregatuko zaie.

 

LAGUNTZA

12 hilabeteko laguntza negozio-eredua martxan jartzeko eta negozioaren egoitza kokatzeko.

 

Ebaluazio batzordeak 20 proiektu interesgarrienak aukeratuko ditu izena eman dutenen artean, eta ekimen horiek prestakuntza programa bat egingo dute inbertitzaileekiko topaketa baino lehen. Topaketa hori datorren urriaren 18an eta 19an izango da, Bilboko Euskalduna Jauregian. Dena den, aukeratu gabeko proiektuek ere parte hartu ahal izango dute B-Venture ekitaldian, Euskaldunan 2.000 metro koadrotik gorako espazio bat jarriko baita stand bat erreserbatu nahi duten “startup”-entzat. Horrela, beren ideiak erakutsi ahal izango dituzte kongresuan bilduko diren inbertitzaileen eta kapital funtsen aurrean (berrogeita hamarretik gora).

 

Buruan proiektu bat darabiltenek edo proiektua martxan izan arren ikasteko gogoz daudenek, inbertitzaileekin konektatu edo tailerretan parte hartu nahi dutenek eta Estatuko nahiz Latinoamerikako “startup” ekosistemako figura garrantzitsuenekin elkartu nahi dutenek ere aukera dute B-Venture topaketan parte hartzeko, ekitaldiaren web orrian erosi beharko dutelarik beren sarrera.

 

Diario El Correok sustatutako eta Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, Elkargik eta Bilboko Merkataritza Ganberak babestutako lehen topaketa hau Ipar zonako urteko ekitaldi garrantzitsuena da talentu ekintzaileari finantzaketa pribatuaren ateak irekitzeko.

 

Info +: www.b-venture.com.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow