Erizaintzako laguntzaileak berrikuntzako eragile bihurturik

19 May, 2016

Arizmendi Ikastolako ikasleek beren zerbitzu eta produktuen prototipoak aurkeztu dituzte gaixoen zaintza hobetzeko.

Arizmendi Ikastolak bultzatu du Lanean Ikertuz proiektua, balioan jartzeko erizain-laguntzaile izango direnek gaixoen zaintza hobetzeko duten potentziala. “Erizaintzaren Laguntza Osagarriak” Erdi-mailako Graduko ikasleek prestakuntza programa bat egin dute premiak detektatzen ikasteko eta konponbide berriak proposatzeko produktu, zerbitzu edo estrategiak eskainiz.

Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketako zuzendari Edurne Erauskinek azaldu duenez, “gaixoengandik hurbilen dauden pertsonak dira eta informazio oso baliotsua dute, beraz, informazio hori aprobetxa liteke egoiliarrentzat eta langileentzat hobekuntzak sortzeko, azken kasu horretan, adibidez, lan baldintzetan”, “Lanean Ikertuz ekimenarekin gaitasun bihurtu nahi dugu abilezia hori”.

Programan zehar, eta APTES – Tecnología Social eta Farapi erakundeen laguntzarekin, ikasleek hainbat teknika bereganatu dituzte erronkak identifikatzeko eta balizko erantzunak asmatzeko; eguneko zentroak, ospitaleak eta pertsona nagusien egoitzak bisitatu dituzte horretarako. “Ikasle taldeek ikasi dute informazioa biltzen, informazio hori storytelling formatuan jartzen erronkak zehazteko, erantzun bat asmatzen, eta, azkenik, prototipo bat sortzen”, azaldu du APTES erakundeko Adriana Martínezek.

Guztira, 25 ikaslek parte hartu dute Lan Ikertuz ekimenean. Maiatzaren 18an aurkezpen jardunaldi bat egin zuten Arizmendi Ikastolan, ekimenaren bidez garatu dituzten 12 proiektuak erakusteko. Horien artean daude oinarri teknologikodun ideiak, eta baita berrikuntza ukiezinak ere. Esaterako, lantalde batek erizain laguntzaileentzako prestakuntza-zerbitzu bat aurkeztu zuen, helburutzat duena heriotzan laguntza ematea, gaixoak prozesu horretarako prestatzeko eta laguntzeko. Ideia berritzaile gehiago ere agertu ziren: euritik babesteko gurpildun aulki hobetu bat, eserita dagoena alboetara erortzea saihesten duena, edota ingurugiroa kutsatzen ez duen pixoihalak botatzeko sistema hermetiko bat.

Aurtengoa Lan Ikertuz programaren 4. edizioa izan da, zeinak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasotzen baitu Gipuzkoa, Ikasten duen lurraldea programaren bitartez. “Asmoa da erakustea horrelako profesionalek informazio esanguratsua dutela osasun sektorea hobetzeko” azaldu du Edurne Erauskinek. Aurkezpen jardunaldian ospitale, egoitza eta laguntza zentroetako ordezkariak elkartu ziren; “pertsona hauek kontratatu nahi dituzten enpresei zuzentzen zaie, ikus dezaten prestatuta daudela eta horrelako gaitasunak dituztela” adierazi du Erauskinek.

Topaketan izan ziren, halaber, Andoaingo La Salle Larrospe ikastetxeko ikasleak eta Mondragon Unibertsitateko Diseinu masterrekoak, bertatik bertara ikusteko aurkeztutako ideiaren batek jarraipena izan dezakeen eta gradu edo master amaierako proiektu gisa garatu daitekeen.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow