Hidrogeno-atomo bat grafenoa magnetizatzeko

28 April, 2016

Ikerketa, Science aldizkari zientifikoan argitaratu dute

CIC nanoGUNEko, nanozientzien ikerketa kooperatiboaren euskal zentroko talde batek, hidrogeno-atomo baten absorbatzearen bitartez grafenoa magnetizatzea lortu du lehen aldiz.

Madrilgo Unibertsitate Autonomoarekin eta Grenobleko Néel Institutuarekin lankidetzan egindako ikerketak, hidrogeno-atomoen manipulazio selektiboak, doitasun atomikoko grafeno magnetikoa egitea ahalbidetzen duela frogatu du.

Grafenoak, karbono-atomoz osatutako atomo bateko lodierako xaflak, ez du propietate magnetikorik. Hidrogeno-atomoak, bestalde, momentu magnetiko txikiena du. Momentu magnetikoak adierazten du zenbat indar izango duen eta zer norabidetan egingo duen indarra iman batek.

“Gure lanak argi utzi du, hidrogeno-atomo batek grafeno geruza bat ukitzen duenean, hidrogenoak bere momentu magnetikoa transferitzen diola” azaldu du Nanoguneko ikertzaile Miguel Moreno Ugedak.

Esperimentuak, materia eskala atomikoan ikusi eta manipulatzeko aukera ematen duen tunel-efektuko mikroskopioaren laguntzarekin egin dituzte.

“Hidrogeno-atomo indibidualak era kontrolatu batean manipulatzea lortu dugu, eta horri esker, grafenoaren eskualde jakinetako propietate magnetikoak nahieran ezarri ahal izan ditugu” azpimarratu du Morenok.

Grafenoa 2004an lortu zenetik, mundu osoko laborategiak, bi dimentsio besterik ez dituen material honen propietate- zerrendan magnetismoa sartzen saiatu dira.

Interes horren oinarria, grafenoa, teknologia espintrionikoan erabiltzeko material ideala dela da. Disziplina hori, ohiko elektronikaren ordezkoa izan daiteke eta belaunaldi berriko ordenagailu ahaltsuagoak lor ditzake.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow