Aterkia: haur-parkeak birdiseinatzeko prozesu parte-hartzailea

14 April, 2016

Portugaleteko Udalak topaketak egingo ditu parte-hartzaile guztien artean herriko parkeak nola estali erabakitzeko.

Portugaleteko jolas-guneen ratioa oso altua da, jolas-gune bat baitute 0 eta 12 urte bitarteko 150 haurreko, baina bat bera ere ez dago estalita. Udalak nahi duena da euria ari duenean edo egun oso eguzkitsuetan ere parkeak erabiltzea, horregatik, plan bat jarri du martxan parke batzuk estaltzeko, eta hiritarrak inplikatu ditu erabakiak hartzeko prozesuan.

Aterkia du izena ekimenak eta funtsean prozesu parte-hartzaile bat da, non partaideek elkarrekin erabakiko baitute zein jolas-gune estaliko diren eta nola. Apirilean zehar tailerrak egingo dira espazioen erabiltzaile nagusiak ordezkatzen dituzten lau talde desberdinekin: haurrak, herritarrak, zaintzaileak eta merkatariak. Saio horietako parte-hartzaileek adostasun bat iritsi beharko dute zein parke estali behar diren erabakitzeko. Prozesu horretan, kontuan hartuko dituzte herritarren premiak, baina baita ere ezaugarri teknikoak eta udal aurrekontuak. Bigarren urratsaren helburua da hiritar taldeek jolas-guneetan instalatuko diren egituren diseinuan parte har dezatela.

Udalak mapa bat argitaratu du parkeen ezaugarriekin, eta apirilaren 20an egingo da lehen jardunaldia. Edozein hiritarrek parte hartu ahal izango du saio horretan, non informazioa emango baita espazio publikoek eskaintzen dituzten aukerei eta estaltzeko izan ditzaketen zailtasun teknikoei buruz. Tailerrak hil honen 23tik 29ra egingo dira, eta aldez aurretik eman beharko da izena parte hartzeko. Azkenik, Udalak beste saio informatibo bat antolatuko du maiatzaren 9an, tailerretako ondorioak partekatzeko.

Ekimen horrek badu aurrekari bat, Jolasplaza proiektua hain zuzen. Portugaleteko haur talde batek parte hartu zuen prozesu hartan eta herriko parke bat diseinatu zuten. Bi astez, 23 neska-mutil elkarrekin aritu ziren lanean, Mateo Hernández plazako jolas-gunea nolakoa izango zen erabakitzeko. Ekimenak helburu bikoitza zuen; batetik, haurren nahiak eta premiak parkean sartzea, eurak baitira erabiltzaile nagusiak; eta bestetik, parte-hartze hiritarraren kultura txikienei hurbiltzea.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow