Atapuercos, bidaia pedagogikoa haitzuloetara

9 June, 2016

Artxandako Trueba Ikastetxeak ekimen hezitzaile eta berritzaile bat jarri du martxan, ikaskuntza induktiboa oinarri hartuta.

Atapuercos: tabletatik haitzulora” proiektu pedagogiko bat da, Historiaurrean oinarritzen dena DBHko 1. mailako ikasgai curricular guztietako edukiak garatzeko eta ikasleak beren ikaskuntza prozesuaren protagonista bihurtzen dituena.

 

Astebetez, neska-mutilek Historiaurrearekin lotutako tailer eta lanak egin dituzte, baina ikuspegi praktikoa eta ludikoa aplikatuz, hau da, teknologia digitalak eta antzinako teknologiak baliatu dituzte duela milaka urte bizitza nolakoa zen esperimentatzeko. Esaterako, Natur zientzien ikasgaian aurkezpen digitalak egin dituzte karstei (Arratia bailarako egitura geologiko tipikoei) buruz eta tailer bat antolatu dute silexezko aiztoak egiteko. Gero, eskolako jangelan probatu dituzte aizto horiek.

 

Matematiken ikasgaian tablet, GPS, QR kode eta gainerako teknologia berriei batu dizkiete buztina, harriak eta sua, eta baita ere geometria kartesiarreko teknikak, geo-kokapena eta eskalak lantzeko. Bestalde, Teknologia ikasgaian, ikasleek espeleologiarako linterna frontal bana fabrikatu behar izan dute. Proiektua asteburu honetan amaituko da eta vivac kanpaldi bat egingo dute Bartzolako haitzuloetan, Diman. Gauean Hizkuntza ikasgaian idatzitako beldurrezko istorioak kontatuko dituzte. Ikasgai horretan ahozko tradizioarekin eta euskal mitologiarekin lotutako kontzeptuak ere landu dituzte.

 

Trueba Ikastetxeko irakasle-taldeak diseinatu du Atapuercos proiektu pedagogikoa, ikasleen sormena akuilatzeko. Ekimen honek Historiaurrearen ikaskuntza teorikoa ordezkatzen du, curriculumeko eduki horiek oso urrunak egiten baitzaizkie 11 eta 12 urteko haurrei. Jarduera programa honekin, ikasleek eurek bilatzen eta produzitzen dituzte edukiak, eta garrantzia ematen zaio ikaskuntza induktiboari. Esperientziaren ondoren, irakasle-taldeak sortutako jakintza guztia aurkeztuko dio Burgoseko Atapuerca Fundazioari, inspiragarri izan dadin beste proiektu pedagogiko batzuentzat.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow