Nerea Pérez-Arrospideren lagun eta senitartekoek Aminata proiektua sortu dute Senegalen

20 April, 2016

Iaz hildako euskal kooperanteak kultur-zentro komunitario bat ireki nahi zuen Gandiolen.

Nerea 2013an joan zen Senegalera lankidetza proiektu batean lan egitera, eta han ezagutu zuen Mamadou senegaldar gaztea, zeinak hilabete batzuk lehenago Hahatay Elkartea sortu baitzuen Gandiolen, bere jaioterrian. Mamadou hainbat urtez bizi izan zen Europan, eta ziur zegoen belaunaldi berrien hezkuntza zela Afrikaren etorkizunerako giltzarria. Horregatik sortu zuen elkartea, hiritarren jabekuntza sustatzeko. Ogibidez arkitektoa zen Nereak bat egin zuen proiektuarekin, eta elkarrekin hasi ziren hirirako zentro komunitario bat eraikitzeko lanetan. Baina istorioak amaiera tragikoa izan zuen. Nerea auto istripu batean hil zen Senegalen, 2015eko irailaren 12an.

Hala ere, Nerearen lagun eta senitartekoek erabaki dute jarraitu egingo dutela berak hasitako lanarekin, eta arkitektoaren diseinuak berreskuratu dituzte, bere ametsa egia bihur dadin. Proiektuaren xedea da zentro sozial eta kultural bat sortzea, erabilpen anitzeko ikasgelekin, liburutegi batekin eta baratze batekin, non Gandioleko biztanleek aukera izango baitute bertan bildu eta euren ekimen propioak garatzeko. “Ideia Hahatay elkartearen helburuetan oinarritzen da, hots, hezkuntzarako espazioak eskaintzea aukerak sortzeko” azaldu du Ainhoa Pérez-Arrospidek.

 

Diseño del futuro centro.

Zentroaren diseinua.

Zentroa Hahatay elkarteak koordinatuko du, baina hiritarren parte-hartzearekin diseinatu eta eraikiko da, beren benetako premiei erantzun egokia emateko. “Nire ahizpak oso argi zeukan hori, komunitatea inplikatu behar zela, aktore bat izan zedin prozesu osoan” azaldu du Ainhoak. Zentroa Suno Xarit Aminata deituko da, “gure laguna Aminata” alegia, halaxe deitzen baitzioten Nereari Gandiolen.

Zentroaren diseinua oso aurreratuta dago jada, eta orain topaketak antolatzen hasi dira gazte, emakume, ikasle eta irakasle elkarteekin, guztien iritziak biltzeko. Ainhoa Pérez-Arrospidek esan duenez, “ideia asko proposatu dituzte espaziorako: adineko emakumeak alfabetatzeko tailerrak, eskolarako indargarriak, kirol jarduerak…”, “hemendik aurrera ere tailerrak egiten jarraituko dugu, proiektua lankidetzan garatzeko”.

Proiektuak 50.000 euro inguruko aurrekontua du guztira, eta Aminata elkarteak kanpaina bati ekin dio funtsak biltzeko. Proiektuaren web orrian dohaintzak egin daitezke, baina badaude laguntzeko modu gehiago ere: opariak, ekimenaren enbaxadore izatea, edota jarduerak antolatzea dirua biltzeko. “Beso zabalik hartuko ditugu inplikatu nahi duten pertsona guztien ideiak” esan du Ainhoak amaitzeko.

 

Aminata proiektua

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow