Airbnb-ren eragina Donostiako auzoetan

3 May, 2017

Maps&Data-k Airbnb-ren presentzia ikusarazten du hirian.

Hirikilabs-ek tailer kolaboratibo bat egin du plataforma horren datuak analizatzeko.

 

Airbnb plataforma eztabaida pizten ari da mundu osoko hirien auzo-bizimoduan sortzen ari den inpaktuagatik. Hiri batzuetan, horrelako ostatatze turistikoak eragin handia izaten ari dira etxebizitzen prezioan, eskaintza komertzialean edo auzoa konfiguratzeko moduan. Jakin nahirik nolako eragina duen plataforma horrek Donostian, Hirikilabs-ek Montera34-k prestatutako Maps&Data, Airbnb-en eragina datuetan tailer kolaboratiboa antolatu zuen.

 

Tailerraren helburua zen bertaratuei tresnak ematea datuak aztertu eta bistaratzeko kasu erreal baten bidez: hain zuzen, Airbnb plataformaren presentzia Donostian. Horretarako, Inside Airbnb ekimenak emandako Euskadi osoko datuak erabili zituzten, plataforman bertan ezin baitaitezke eskuratu, eta emaitza batzuk falta badira ere, datuek argi erakusten dute plataformak eragin handia sortu duela hirian.

 

Lortutako datuen arabera, Euskadin 2.874 ostaturen iragarkiak daude Airbnb-n eta horietatik %42 Donostian biltzen dira (%16 Bilbon eta %4 Gasteizen). Gainera, eskaintza gehien dituzten 10 euskal auzotatik 8 Donostian daude: Igeldo, Ategorrieta-Ulia eta alde zaharra. Lehen kasuan, Airbnb plataformako iragarkien portzentajea etxebizitza guztien %6koa da.

 

Onlineko ostatu-plataforma horren beste alderdi polemiko bat anfitrioien profesionalizazioa da. Tailerrean aztertutako Inside Aibnb ekimenaren datuen arabera, erabiltzaileen %1,4k ostatu-plazen %25 kontzentratzen du. Bestalde, anfitrioien %80k etxebizitza bat baino ez du iragarrita Airbnb-n. Guztira, onlineko plataformak 4.553 ostatu-plaza eskaintzen ditu Donostian, hotelen eskaintza 9.100 plazakoa den bitartean (%33 lehenengo kasuan eta %67 bigarrenean). Bukatzeko, analisiak orobat aipatzen du Donostian eta, oro har Euskadi osoan, iragarkien %13 baino ez dagoela Eusko Jaurlaritzako Enpresa Turistikoen Erregistroan.

 

“Ez dauzkagu eskura etxebizitza turistikoen alokatze plataforma guztien datuak, bakarrik Aibnb-renak, baina uste dugu horrekin nahikoa dela ikuspegi on bat edukitzeko” dio Montera34-ko Pablo Reyk, “ikusi beharko da nola eboluzionatzen duen denborarekin eta konparatu egin beharko da beste hiri batzuetako datuekin, baina eskura ditugun datuek argi diote eragin hori existitzen dela, nahiz eta ez den Bartzelona bezalako hirien mailakoa”. Pablo Reyk dioenez, “Udaletxea eta etxebizitza turistikoen elkartea oso interesaturik daude, ez dagoelako horri buruzko daturik, eta urrats oso garrantzitsua da araudi bat egiteko”.

 

Tailerra hiru egunetan egin zen Tabakalerako Hirikilabs laborategi hiritarrean, eta profil oso desberdinek parte hartu zuten, batzuk Udaletxeko eta Turismo Bulegoko ordezkariak ziren, beste batzuk Airbnb-ko anfitrioiak eta beste batzuk kolektibo aktibistetako kideak. Halaber parte hartu zuen Fairbnb-ko Sito Veracruzek. Fairbnb hiritarrez osatutako sare bat da, onlineko plataforma ezagunaren alternatiba bat lantzen ari dena. Airbnb plataformak beste hiri batzuetan sortu duen eraginari buruzko datu gordinak, ikerketaren emaitzak eta aurretiko azterlanak eskuragarri daude proiektuaren atarian.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow